Bilboko Konpartsak, 40 urte Areatza astintzen eta kalea bizitzen
Bilboko Konpartsek 40 urte beteko dituzte aurten Areatza astintzen eta kalea bizitzen. Ibilbide honetan, jaietako eremuak zabaldu egin dira eta ekitaldien kopurua 545 izatera iritsi da, guztiak doakoak. Aurtengo apustuak haurrentzako programazioa eta ekitaldi kulturalak dira.
Bilboko Aste Nagusiak ibilbide bete-betea izan du 1978an lehen edizioa egin zenetik. Horren aurretik, abuztuko jaietan zezenketak, antzerkia, barrakak eta erakusketa folklorikoren bat egiten zen, besterik ez. Baina duela 40 urte ideien lehiaketa bat plazaratu zen Aste Nagusia herritartzeko eta, Txomin Barullok (EMKren taldeak) irabazi ondoren, saria praktikara eramatea erabaki zuen, auzo elkarteen laguntza eskatuz.
Horrela sortu zen lehen Jai Batzorde Herrikoia eta sortu ziren baita ere konpartsa izenez ezagutuko ziren animazio taldeak. Bi hilabete eta aurrekontu barregarri batekin eromenik ederrena antolatzea lortu zuten, bizi izan zutenek egundo ahaztu ezin dutena. Arrakastak bertokoak eta auzokoak harritu zituen.
Baina, zein izan zen arrakasta horren gakoa? Herritarren partaidetza erdi-erdian jarri zela, eta jaietako egitaraua osatzerako garaian kalitatea eta berrikuntza izan direla beti ardatz nagusi. Urteek aurrera egin ahala, Areatzako azpiegiturak etengabe egokitu dira gero eta jende gehiago hartzeko, jaietako eremuak zabaldu egin dira, azken batean, hazi eta aldatu egin da Aste Nagusia 40 urte hauetan.
Efemeride biribila baliatuta, Aste Nagusiaren sorkuntza eta 40 urteotako ibilbidea jasotzen duen erakusketa paratuko du Euskal Museoan federazioak esku hartzen duen Jai Batzorde Mistoak. Txupina Bilboko zeruan lehertzen denean, ez da atzera bueltarik izango bederatzi egunetan, eta Bilbora datozenek era guztietako ehunka jardueratan har dezakete parte.
Ekitaldi guztiek elementu komun bat dute: partaidetza eta giro ona. Eta gainera, konpartsek antolatutako 545 ekitaldi izango dira, tartean kontzertu, antzerki emanaldi eta kultur proposamen anitz, doakoak guzti-guztiak. Horren adibide bat izan daiteke txalapartaren munduak Joxean Artze artista zenari egingo dion omenaldia, lehenengo igandean.
Gastronomia eta kirola
Aurtengo egitarauan sakonduz, falta ezin ziren lehiaketa gastronomikoak ekarriko dituzte konpartsek, txiki zein nagusientzako proposamen gustagarriak. Oso ezagunak dira jada gure artean Areatza lapikoz eta kuadrillaz betetzen dituzten patata tortilla, txibia, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta iaz estreinatutako patatak saltsa berdean, denak ere lehiaketa gastronomikoaren parte.
Baina aurten listoia apur bat gorago jarri dute konpartsek eta bestelako berrikuntzak dituzte denontzako prest: gatz tailerra, Showkaldaritza, kontserbak... Aurten bakailaoari omenaldi berezia egingo dio atal gastronomikoak, baita gure ortuetako «zero kilometro» produktuei ere. Horrelako otordu oparo eta mahai-inguru luzeen ostean gorputza astintzeko aukera eta gogoa duenak ere izango du aukera kirolari ekiteko: «Badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola urtetik urtera parte-hartzaile gehiago dituzten aerobithoia, masta puntakoa, igel-toka edo herri kirolak», azaldu dute konpartsetako ordezkariek.
Eta bide batez, eskertu nahi izan dute Aste Nagusian kirol ekitaldiak antolatzen ekarpen handia egiten duten federazio eta taldeen lana. Aurten azpimarratzekoak dira itsasadarreko waterpoloa; Ripa kaiko ur ekimenak; Goitibehera Open-a txikientzako jaitsiera berria; eta Xuri Beltz klubeko xakea, aurten Salbatzaile dantza taldearekin batera xake bizidun batekin harrituko gaituena. Eta nola ez, hamaika kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa.
Txikiek jasoko dute aurten lekukoa, eta hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaia berriek lagunduta. Haientzako prestaturiko hainbat ekintzatan gozatu ahal izango dute: umeen kalejira, «sortu zure txosna», Irrien Lagunak, Lekittoko Deabruen piroteknia tai- ler harrigarria, eta txikien saio gastronomikoak, besteak beste.
Aurrekoez gain, eta Aste Nagusiko 40. urteurrena ospatzen jarraitzeko, kaleko zinema berreskuratuko dute konpartsek, eta ostegun gauean Herrialde Katalanetatik etorritako correfoc-ek berotuko dute jai eremua, Euskal Herriarekin senidetuta.