NAIZ+

Celestino Uriarte Arrasateko miliziano komunistak pantailara egingo du salto 'Kamarada' dokumentalean

Celestino Uriarte Arrasateko miliziano komunistaren bizitza pantailara eraman nahi du lanak, erresistentzia antifrankistan aritutako hainbat lagunen testigantzak bilduz.

‘Kamarada’ dokumentala urriaren 10ean aurkeztu nahi dute Arrasaten, haatik argia ikusi dezan finantzazioa bilatzeko lanetan ari da Intxorta 1937. Crowdfundinga abiatu dute laguntza ekonomikoa eman nahi duen orok proiektuan parte hartu dezan.

Juan Ramon Garaik idatzitako ‘Celestino Uriarte. Klandestinitatea eta erresistentzia komunista’(Txalaparta, 2006) izeneko biografia du oinarri dokumentalak, baina erresistentzia antifrankistan aritutako hamasei laguni egindako elkarrizketak entzun ahal dira.

Celestino Uriarte (Arrasate 1909, Madril 1979) borrokalari komunista ezaguna izan zen. 1934ko iraultzan hartu zuen parte eta bi urteren buruan, 1936ko Ger‘’ran Euzko Gudarosteko Dragones batailoiaren sortzaile eta brigada errepublikarren komandante izan zen. Ebroko borrokaldian zauritua suertatu eta erbestean ibili ostean, gerraosteko makiekin aritzeko itzuli eta atxilotu egin zuten 1946an. Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zuen baina eta PCEko komite zentraleko kide izan zen 1970ean kanporatua izan zen arte.

Elkarrizketatutako hamasei lagunen bizipenen bidez, «errepublika sozialean sinetsi, herrien autodeterminazioa aldarrikatu eta kapitalismoaren aurka fronte ezberdinetan borrokatu zuten gizon-emakumeen ametsetan sakontzen dugu», dio Intxorta 1937-k.