GARA
BRUSELAS

Gaurtik hasita, Europan ez da bonbilla halogeno gehiago salduko

Halogenoak baztertzearekin efizientzia energetikoan hobetu nahi da eta hala, iraupen luzeagoa duten LED motako argiak erabat nagusituko dira. Hauen merkatu globala 30.000 milioi eurora iristea aurreikusten dute adituek 2020. urterako. Hala ere, banatzaileek aurretiaz erreserbatu dituzten bonbilla halogenoak saltzea baimenduta dago.

Europar Batzordearen 2015/1428 araudia gaur jarriko da martxan Europar Batasunean eta, ondorioz, bonbilla halogeno gehiago ez da salduko. Hala, LED bonbillentzat izango da merkatuaren zatirik handiena, energia gutxiago kontsumitu eta iraupen handiagoa duten horiena.

Goritasun-bonbillei argia itzali zitzaienetik sei urte igarota dator halogenoen neurri hau. Adituen arabera, goritasun lanparen desagerpenak milioika kilowatt aurreztea ahalbidetu zuen. Halogenoen kasuan ere kontsumoaren gastuan igarriko da, bai diru aldetik bai ingurumenean.

Horren harira, Ingurumenaren Europar Bulegoak txalotu egin zuen debekua. Izan ere, LED argiek berotasun gutxiago igortzen dute –energiaren %5– eta halogenoak LED bonbillak baino %6,3 garestiagoak ziren.

Gehiago ez saltzeko neurria izan arren, oraindik merkatu batzuetan ikusiko ditugu halogenoak. Izan ere, banatzaileek aurretiaz erreserbatu dituzten horiek saltzea baimenduta dago.

LED argien arrakasta

LED argiek naturan uzten duten arrastoa ere kontuan hartu beharrekoa izan arren –adituek diote epe luzeko eraginak dituela–, merkatuan nagusitasuna irabazia dute eta egindako kalkuluen arabera, LEDaren merkatu globaleko gastua 30.000 milioi eurora iristea espero dute 2020. urterako.

Aurreikuspen hori ingurumen eta energiaren kontrolaz arduratzen den agentzia frantsesak egin du –Ademe– eta bertako aditu Bruno Laffetek ziurtatu legez, LED bonbillak urtea baino epe murritzagoan bihur daitezke errentagarri. Hauen iraupena, batez beste, 15.000 ordukoa izan ohi da, baina 40.000 orduraino irits daitezke. Halogenoek, aldiz, 2.000 orduko biziraupena dute; eta fluoreszente trinkoek, 8.000 ordukoa.

Fluoreszente konpaktuak oraindik «konponbide onargarriak» direla iritzi dio Laffetek, teknologikoki hobekuntza nabaririk ekarri ez duten arren, sasoi batean kilowatt mordoa aurreztea bermatu baitzuten.

Argia, gero eta garestiago

Estatu espainolean, baina, argiaren garestitzea da kezkarik handiena. Aurtengo abuztuan %11 garestitu da iazkoarekin alderatuta, eta azken hilabete honetan %2,6 gehiago ordaindu da uztailarekin konparatuz gero. Honekin, hilabeteen arteko laugarren igoera jasan eta urteko punturik gorenera heldu da, 61,83 eurora iritsita. Batez besteko horren barruan, abuztuaren 29an erregistratutako megawatt bakoitzeko 70,99 euroak daude.

Energia eoliko eta hidraulikoa gutxiago erabili izana dago arrazoien artean, hala nola gasaren eta ikatzaren prezioen igoera ere. Horregatik, goranzko joerak oraindik iraungo duela aurreikusten dute adituek.