NAIZ
BAIONA

Mobilizazioekin hasi dute ikasturtea Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek

Parisko Hezkuntza Nazionalak Seaskari ukatzen dizkion irakasle postuak aldarrikatzeko mobilizazioekin hasi dute ikasturtea ikasle, guraso eta irakasleek.

Joan zen ostiralean Pauen errektoretzaren aurrean izan ziren Seaskako langileak Hezkuntza Nazional frantsesak eskaintzen dizkien baliabide eskasak salatzeko. Gaur, ikasturte hasierarekin batera, mobilizazioekin jarraitu dute ikastoletako ikasle, guraso eta irakasleek eta hala, ikastetxeetara sartu aurretik, elkarretaratzeak egin dituzte.

Ikasturte berriari bermearekin ekiteko 25 irakasle lanpostu gehiago behar ditu Seaskak, baina Hezkuntza Ministerio frantsesak bost eta erdi besterik ez dizkie eskaintzen. Iragan ostiralean Pauen ikuskaritzako ordezkariekin bildu ziren, baina «baliabide gehigarririk eskaintzeko aukerarik» ez dagoela adierazi zieten.

Bilera egingo dute bihar

Bihar bilera egingo dute Paueko errektoretzak, Seaska eta Euskararen Erakunde Publikoaren ordezkariek (EEP). Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak, ordea, ez du itxaropen handirik bilera horrekin.