Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Abian da Mintzalasai ekimenaren 7. edizioa Baiona, Angelu eta Biarritzen

Baiona, Angelu eta Biarritzen euskararen erabilera bultzatzea du helburu Mintzalasai ekimenak. Irailaren 30a bitartean 75 jarduera egingo dira eta berrikuntzak ere izango dira.

Mintzalasai ekimenaren aurkezpena. (NAIZ)
Mintzalasai ekimenaren aurkezpena. (NAIZ)

Aurkeztu dute aurtengo Mintzalasai festibalaren egitaraua. Adin guztietako euskal hiztunei begira 45 elkarte eta 90 norbanako laguntzaileren artean antolatutako programa oparoa izango da aurtengoa eta jada abian da, irailaren 1ean hasi baitzen. Ekimenen artean denetarik dago, baina bada ekintza guztiek bete behar duten irizpide bat: egiten dena egiten dela, euskaraz egin behar da.

Biarrizko skate gune berrian Hizkuntzen Europako egunean eskainiko dituzten haurrentzako skate ikastaroak, argazki erakusketak, haurrentzako ipuin kontalariak, Baionako muralak ikusteko bisita gidatuak, dantza saioak, hitzaldiak, kontzertuak, Glisseguna, argazki erakusketak eta beste hainbat ekimen, eta guztiak euskaraz. Horrela, irailaren 30ean Biarrizko Marion lakuan egingo duten besta handi batekin amaituko dute aurtengo edizioa.

Ordea, ez da dena hor amaituko, aurtengoak urte guztirako ondorioak izango baititu. Esate baterako, ekimenean parte hartu duen Too Late enpresak urte guztian zehar egiten dituen zenbait eskaintza euskaraz egiteko konpromisoa hartu  du. «Ihesaldi jokoa» da eskaintza horietako bat. Film batean bezala, ongi dekoratutako gela batean enigma batzuk asmatu behar ditu lagun talde batek ordu baten buruan. Irailaren 22 eta 26an estreinatuko dute jolas hau euskaraz, eta hortik aurrera, aurrez eskatuz gero, nahi duenak jolasa euskaraz egiteko aukera izango du.

Antolatzaileak baikor dira, egitasmoaren lemak dioen bezala, «uste baino gehiago garelako». Aldi berean, Ipar Euskal Herriko biztanleen %8ak euskaraz hitz egiten duela, eta ondorioz, 15.800 euskal hiztun badirela ere azpimarratu dute.