NAIZ
IRUN

Migratzaileei harrera egiteko sare bakarra eta publikoa egon dadila proposatu du EH Bilduk

Euskal Herrira heltzen diren migratzaileei harrera egokia egiteko Kultur Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza sortzea proposatu du EH Bilduk. Uda honetan gertatutakoak egungo gizarte zerbitzuen sistemaren «gabeziak» agerian utzi ditu indar abertzalearen iritziz. Erakundeak inprobisatuz eta koordinaziorik gabe aritu direla uste du.

EH Bilduko ordezkariek migrazio politika izan dute aztergai Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. (EH BILDU)
EH Bilduko ordezkariek migrazio politika izan dute aztergai Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian. (EH BILDU)

EH Bilduk agerraldia egin du Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian, migrazio politikaren inguruan bere hausnarketa eta proposamenak azaltzeko.

Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Joseba Gines Kultur Aniztasuneko idazkariak, Euskal Herrira uda honetan iritsi diren migratzaileekin gertatu denak «agerian utzi ditu geure gizarte zerbitzuen sistemaren gabeziak».

«Erakundeak inprobisatzen ibili dira. Egunez egun espazioak bilatzen, irizpideak aldatzen, orain 3 egun, gero 5...», deitoratu du. Dagoeneko hamar urte dituen gizarte zerbitzuen legea badagoela gogoratu du, eta lege horrek «oso ondo zehazten du horrelakoetan zein zerbitzu eskaini behar den, harrera zelan egin, nork egin... Legea bete baino ez zuten».

Migratzaileei harrera baldintza egokietan egin ahal izateko proposatuko dituen neurrietako bat da Lakuako Gobernuak Kultur Aniztasun eta Migrazio Zuzendaritza sortzea, migrazio politika koordinatzeko,, baliabideak eskuratu eta antolatzeko eta «beste erakunde eta esparruetan egiten diren politikei koherentzia emateko». Horretarako proposamena erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean.

«Harrera integral, ordenatu eta kalitatezko bat eskaintzeko modu bakarra gizarte sistemaren barruan da», nabarmendu dute.

Migrazio politika «sendoak» aldarrikatu ditu EH Bilduk, «hezkuntzan, osasunean, enpleguan…». Gizartean migratzaileen harrerarako kultura indartu behar dela ere uste dute bi ordezkariek. «Politika horrek, adibidez, ondo definitu beharko luke herri honek ez duela onartzen Irunen bezala pertsonak beroan kanporatzea».

EH Bilduko kideek nabarmendu dute, bestealde, herritarrak izan direla erakunde publikoek migratzaileen harrera egiterako orduan utzi dituzten hutsuneak bete dituztenak. «Eskerrak emateaz gainera, zoriondu egin behar dira».