Oihana Llorente

#Nierejaizkibelekin, plastiko beltzaren aurkako babesgunea

Jaizkibel konpainiaren aurka Hondarribian altxatutako plastikoek eta entzundako txistu eta irainek sare sozialak astindu eta amorrarazi ditu. #Nierejaizkibelekin traolak, ostera, gertatutakoa salatu eta emakumeek alardean desfilatzeko duten eskubidea aldarrikatu du asteburu osoan zehar. 

Larunbatean, beste urte batez, plastiko beltz, irain eta oihu artean desfilatu behar izan zuen Hondarribiko Jaizkibel konpainiak. Azken urteotako tentsiorik handiena bizi izan zuen emakume zein gizonak soldadu gisa onartzen dituen konpainia bakarrak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariei entzungor eginez, aurten usadio bihurtu den plastiko beltzaz gainera, txistu hotsekin hartu zuten Jaizkibel konpainia herriko kale Nagusian. Plastikoaz gain, "Betiko alardea" zioten kartelak banatu zituzten desfilea hasi baino lehen eta horiek gogoz astindu zituzten Jaizkibelen etorrerarekin. Handia izan zen tentsioa, Jaizkibel konpainiaren desfilea ikusi nahi zutenen eta haren kontrako protesta egin zutenen artean.

Azalean bizitakoa adierazteko bide ere izan dira sare sozialak. Horrela, Jaizkibelen desfilatu zuten zenbaitek Twitterren askatu zuten barruko korapiloa. Tartean zen, adibidez, Fermin Muguruza abeslaria.

Jaizkibel babestera hurbildu ziren asko zur eta lur gelditu ziren kostaldeko herrian bizitako espektakuluarekin eta hala aitortu zuten sarean, egunean zehar jasotako bideo eta irudiekin.

Alardearen irudi eta bideoak azkar zabaldu ziren larunbat goizean sarean, eta herritar askoren haserrea eragin du asteburu osoan zehar. #Nierejaizkibelekin traolak bildu ditu kexa horietako asko.

Vox alderdia, tradizioen defentsan

Vox alderdi ultraeskuindarra ere mintzatu da Hondarribiako alardeaz, harentzat baina Jaizkibel konpainia «gure tradizioak nola bizi behar ditugun dion inposizio politikoa da».

Bere hitzek, noski, zeresana eragin dute sarean.

 

Donostiako Kontxatik opari berezia

Alardearen biharamunean jaiak segida izan zuen Hondarribian herriko gizonezko arraunlariek Kontxako bandera etxeratu ostean. Jaizkibeleko kideek ordea, eskaintza berezia jaso zuten Kontxan ere garaile izan ziren San Juandarren eskutik. Esker onez hartu zuen Jaizkibeleko kideek eskaintza berezi hau.