NAIZ
DONOSTIA

Bizitza Da Handiena-ren aurkako epaiketetako bat bertan behera geratu da behin-behinean

Hilaren 25ean egitekoa zen epaiketa bertan behera utzi dute, auzia baliogabetu eta artxibatzeko aurkeztutako eskaeraren inguruan ebazpena ematen den arte. Astelehenean egitekoa den epaiketak, aldiz, aurrera darrai eta auziperatuei babesa adierazteko elkarretaratzera joateko deia egin dute. 

Auziperatuei elkartasuna adierazteko argazkia atera zuten atzo. (BIZITZA DA HANDIENA)
Auziperatuei elkartasuna adierazteko argazkia atera zuten atzo. (BIZITZA DA HANDIENA)

Ohar baten bitartez, Bizitza Da Handiena jakinarazi du momentuz bertan behera gelditu dela dinamikako kideen aurkako epaiketetako bat, hilaren 25an egitekoa zena, hain zuzen. 

Hamabost urtez hutsik egon zen eraikin publiko bat okupatzea leporatuta bi lagun zeuden auziperatuta, tartean Haize Nuñez abokatua, defentsa lanak egiten ari dena. Jarduketak baliogabetzeko eta modu subsidiarioan auzia baliogabetzeko eskatu zuen atzo Nuñezek eta horren inguruan ebazten den arte epaiketa bertan behera utzi dute. 

«Abokatuaren kontrako inputazioa bertan behera gera daiteke hurrengo egunetan», dio dinamikak. 

Bitartean, datorren astelehean egitekoa den epaiketan «indarrak jartzea» dagokiela azpimarratu dute. Munduko Turismo Erakundeak Donostian egin zuen epaiketaren harira egindako protesta baten harira bi lagun daude auziperatuta. 

Protesta «baketsua» izan zela nabarmendu dute eta haien aurka Ertzaintzak «erabat faltsuak» diren akusazioak egin dituela salatu dute, tartean agenteei lesioak eragitea. 

Astelehenean bertan Egiako epaitegi aurrean elkarretaratzea egingo dute, 9.30ean auziperatuei babesa adierazteko. «Zuekin gaude», adierazi diete.