NAIZ

Maite Aranalde espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Maite Aranalde espetxera bidali du Auzitegi Nazionalak, gaur epailearen ostean deklaratu ostean. Atzo espainiaratu zuten, Estatu frantsesean ezarri zioten zigorra beteta. Atzo manifestazioa egin zuten Ibarran.

Maite Aranalderen askatasuna aldarrikatu zuten igandean Ibarran.
Maite Aranalderen askatasuna aldarrikatu zuten igandean Ibarran.

Maite Aranalde atzo espainiaratu zuten frantziar agintariek, Estatu horretan ezarri zioten espetxe zigorra bete ondoren. Gaur Auzitegi Nazional espainolera eraman dute, epailearen aurrera, eta honek espetxeratzeko agindua eman du, Ataria.eus agerkariak jaso duenez. Epaiketaren zain geratuko da orain.

Jokin Aranalde bere aitak hedabide horri azaldu dionez, bi epaiketa izango ditu, bere aurka igorri zituzten bi euroaginduengatik.

Joan zen igandean argazki jendetsua atera zuten Ibarran, Aranalderen askatasuna aldarrikatzeko. Atzo arratsaldean, berriz, manifestazioa egin zuten, eta gaurko ere asanblada informatiboa eta mobilizazioa deitu dituzte, 19.30ean.

Maite Aranalde 2010eko maiatzean atxilotu zuten Lapurdin Mikel Karrera, Eñaut Aramendi, Arkaitz Agirregabiria eta Laetitia Chevalier-ekin batera. ETAkoak izatea edo erakunde horri laguntzea leporatu zieten.

Aurretik ere espetxean egona zen ibartarra Estatu frantsesean, zazpi urtez, 2009ko abuztuan espainiaratu zuten arte. Auzitegi Nazionalak fidantzapean aske utzi zuen eta bere herrira iritsi zen egunean Ertzaintza gogor oldartu zen harrera egin zioten senide eta lagunen aurka. Bere askatasunak oihartzun mediatiko handia izan zuen eta Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, atzera espetxera bidal zezaten edo neurri gehiago jar ziezaioten.