NAIZ
SEVILLA

Ihes egin dio garaipenak Athletici Villamarinen (2-2)

0-2 jarri dira markagailuan aurretik zuri-gorriak, baina Susaetak txartel gorria ikusi eta goitik behera aldatu da neurketa. Garaipena gertu ikusi arren, puntu bakarrarekin itzuli dira lehoiak Sevillatik. [Neurketaren xehetasunak]

Gertu izan dute garaipena zuri-gorriek. (@RealBetis)
Gertu izan dute garaipena zuri-gorriek. (@RealBetis)

Irabazi ezinik jarraitzen du Athleticek, eta hori igande arratsalde honetan Benito Villamarinen jokatu duen neurketa aproposa jarri zaiola.

Izan ere, abiadura bizian hasi den neurketa segituan jarri duten euren alde zuri-gorriek. Atzean arriskuak hartzen hasi da Betis, eta baloiaren irteeran etxekoek egin duten akats bat baliatuta Williamsek egin du zuri-gorriak markagailuan aurretik jarri dituen gola.

Ildo beretik jarraitu du neurketak Athleticen golaren ostean, eta bazirudien Raul Garciak 17. minutuan sartu duen golak erabakiorra izan behar zuela. Errealitatetik urrun baina, pixkanaka arrisku jokaldiak sortzen hasi da Betis, neurketari buelta emateko saiakeran.

Horretan berebiziko garrantzia izan du Markel Susaetak ikusi duen txartel gorriak. 37. minutuan ikusi du lehen horia, eta 44.an kanporatua izan da. Hala ere, bi goleko errentarekin iritsi dira atsedenaldira zuri-gorriak.

Aldagelatik bueltan, baina, guztiz bestelako neurketa ikusi da Villamarinen. Erasora atera da Betis, eta Bartrak 51. minutuan sartu duen golak aurrera jotzeko behar zuten animoa eman die etxeko jokalariei.

Ahalegindu da Berizzo atzeko lerroa indartzen, baina 68an Canalesek behin betiko binakoa ezarri du markagailuan. Berdinketarekin kontentu ez eta gora jo dute etxekoek, eta majo kostata lortu dute lehoiek Bilbora gutxienez puntu batekin itzultzea.