@belastegi
Donostia

Zineman parekidetasunaren eta emakumeen inklusioaren aldeko gutuna sinatu dute

Sinatu dituzten konpromiso batzuk Donostiako Zinemaldiak jada betetzen dituela azpimarratu du Jose Luis Rebordinos, jaialdiko zuzendariak. Hala ere, datorren urtean elkartu eta «guztiz parekidea den» Zinemaldi bat izatea espero duela aipatu du.

Familia argazkia sinadura ekitaldiaren ostean.
Familia argazkia sinadura ekitaldiaren ostean.

CIMA emakume zinegileen elkarteko presidentea den Cristina Andreuk, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria den Jose Luis Rebordinosek eta haren presidentea eta Donostiako alkatea den Eneko Goiak, Estatu espainoleko presidente ordea eta berdintasun ministroa den Carmen Calvo eta Kultura ministroa den Jose Guiraorekin batera zineman parekidetasuna egon dadin gutuna sinatu dute. Cannesko jaialdia izan zen aitzindaria, eta orain Zinemaldiak eman du pauso hori. Sinaduraren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute industrian aritzen diren emakume pila baten aurrean. Horiek #másmujeres esaldia zeramaten haizemaile gorriak zituzten eskuetan.

Andreuk hartu du hitza lehenik, Zinemaldiaren jarrera txalotzeko. Honen ostean, Rebordinosek gogoratu du euskal jaialdiak jada sinatu dituzten hainbat puntu betetzen dituela baina hala ere oraindik badagoela zer landu. «Sail Ofizialean bost emakume izateagatik zoriontzen gaituzte. Erokeria da hori! 18 filmetatik 5 soilik dira emakumeak! –azpimarratu du zuzendariak– espero dut datorren urtean berriro elkartzea guztiz parekidea den jaialdi batean».

Gutunak aipatzen dituen puntuak, eta Zinemaldiak bete beharko dituenak, honakoak dira: generoaren arabera banatutao estatistikak konpilatuko ditu, bai hautagai izan diren filmei buruzkoak, bai hautatutako eta programatutako filmei dagozkienak, emakumeek zuzendutako proiektuen presentziari buruzko fidagarri eta egiazkoak biltzeko; hautaketa eta programazio-batzordeetako kideen zerrenda zabalduko du; Zinemaldiko organo exekutiboak aldatzeko eguteki bat ezarriko du, egungo agintaldian parekidetasuna lortze aldera; eta urtean behin, jakinarazpen bat bidaliko du lortutako aurrerapenekin.

Alkateak, era bera, hiriak parekitdetasunarekin konpromisoa duela adierazi du eta adibide bezala Kontxako Bandera jarri du, aurten, lehen aldiz, emakumeen eta gizonen saria berdina izan delako. Bestalde, nabarmendu nahi izan zuen Zinemaldiko presidentea –bera– zein zuzendaria –Rebordinos gizonak direla, era hori ere aldatzea gustatuko litzaiokela.

Azkenik, Calvo ministroak hartu du hitza. «Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna demokraziaren epizentroa da. Ez dago demokraziarik populazioaren erdiak eskubideak mugatuta dituenean», esan du, eta ondoren txantxa moduan gehitu du emakumeek jaialdietan berdintasunean parte hartu nahi dutela «badakigulako irabaziko dugula». Azkenik, azpimarratu du «gu gabe ez dago demokraziarik, eta gurekin demokrazia hobea da».