Amaia U. LASAGABASTER

Balioen transmisioa, harrobiko lanaren ardatz

Eibar futbol taldeak «Balioak eraikitzen» kanpaina jarri du martxan, kirol arlo hutsetik harago, klubaren betiko balio moralak ere harrobiko lanaren ardatz bilakatzeko asmoz. Xedea, Eibarren nortasuna indartzea, eta, batez ere, gazteei eskainitako formakuntza integrala hobetzea.

Errespetua, konpromisoa, diziplina, apaltasuna, elkartasuna eta zintzotasuna. Sei balio horietan laburbildu du Eibarrek azken 78 urteetan zehar eraiki duen nortasuna. Berau indartzeko asmoz, eta, batez ere, belaunaldi berriek nortasun hori barnera dezaten, klubak “Balioak eraikitzen” kanpaina jarri du martxan denboraldiaren hasierarekin batera. Futbol arloaz gain, balioen lanketa ere harrobiko lanaren ardatz bilakatu nahi dute klubaren buruek.

Kanpainaren hartzaileak zeintzuk diren argi dago, Eibarren behe mailetako gazteak. Baina plana garatu aurreko hausnarketa prozesua luzea izan da, teoriak gauzatzeak dakartzan zailtasunengatik. «Lehen Mailara heldu ginenetik asko hitz egin dugu, klubaren barruan eta kanpoan, baloreei buruz. Igoera garrantzitsua izan zen, baina are gehiago nola lortu genuen; argi dugu klubaren betiko balioak mantentzeak ekarri gaituela honaino...», nabarmendu du Fran Garagarzak. Baina batzuetan, sarri, hitzen atzetik ez dago ezer, «eta guk benetan mamia duen diskurtsoa nahi genuen». Lehen urratsa balio horiek identifikatzea, sailkatzea eta laburbiltzea izan zen. «Segur aski gehiago egongo dira, debatea ere egon daiteke zergatik bat aukeratu eta ez bestea. Baina errespetua, konpromisoa, diziplina, apaltasuna, elkartasuna eta zintzotasuna aukeratu ditugu», azaldu du Eibar taldeko kirol zuzendariak.

Bigarren urratsa, are zailagoa. Nola landu sei balioon transmisioa? Nola neurtu izandako arrakasta? «Asko hitz egin ondoren, balio bakoitza eginkizun zehatzekin lotu daitekeela ikusi dugu». Eta, hala, ideia horri jarraituz programa osoa garatu dute. Datorren sei hilabeteetan zehar, harrobiko talde guztiek ekingo diote lanari. Hilabete bakoitzari balio bat dagokio, eta, balio bakoitzari, eginkizun bat. «Eginkizun sinpleak jartzen saiatu gara, edonork betetzeko modukoak, eta, aldi berean, balioak barneratzeko baliagarriak», azaldu du.

Jokalarien konpromisoak saria izango du. Bikoitza. Sinbolikoa, hiriaren eta klubaren armarrian agertzen den San Andres gurutzea izango da. Hilabetero neurtuko da eginkizunen betetze maila, eta, denboraldiaren amaieran, balio guztiak praktikan jarri dituzten jokalariek bereizgarri bat jasoko dute, gurutze formarekin, euren konpromisoa eskertzeko. Baina sari nagusia, gazteen heziketarekin lotutakoa da. «Futbolarekin egiten dugu lan, baina oso argi daukagu jokalariak lehenik eta behin pertsonak direla. Eta gustatuko litzaiguke hemen izan ditzaketen futbol arloko esperientziez gain, gazteek kirol arloan jaso ditzaketen ezagutzez gain, onura pertsonala ere lortzea. Hemendik irten, atzera begiratu eta beren buruari ‘nik hemendik zer eraman dut’ galdetzen diotenean, erantzuna futbola baino askoz gehiago izatea. Formakuntza integrala eskaintzea nahi dugu», azpimarratu du Garagarzak.

Ia denek lortuko dutelakoan dago kirol zuzendaria, baina, esperientziak erakutsi diona kontuak izanik, erabateko arrakasta lortzea ezinezkoa dela uste du. Eta programa aurrera ateratzeak ondorioak dituen bezala, porrotak ere izango ditu. «Gurutzea lortzen ez dutenen kasuak aztertuko ditugu, onak ez diren portaerak bideratzen saiatuko gara, baina, jokalari bat konpromiso honi erantzuteko gai ez dela ikusten badugu, proiektu honetan lekurik ez daukala ulertuko dugu», nabarmendu du, kirolari hori futbol arloa soilik aztertuta baliozko jokalaria izanda ere. «Ez da izango lehen aldia. Eta erabaki gogorrak dira. Baina benetan sinisten badugu gure balioen garrantzian, zorrotz jokatu behar dugu».

 

Aldagelak txukuntzetik eskua ematera, sei balio eta sei eginkizun

Errespetuari dagokion eginkizunarekin ekin dio harrobiak kanpainari. Oinarrizko araua: jokalari eta entrenatzaile guztiek eskua eman behar diete aurkariei eta epaileari partidak bukatzean, baita entrenatzaileari entrenamenduen ostean ere.

Hurrengo hilabeteotan, antzeko ohiturak finkatzen saiatuko dira armaginak. Konpromisoari, adibidez, puntualtasuna eta kirol-jantzien mantentze egokia dagokio. Diziplinari, berriz, ariketetan arreta jarri eta aholku eta zuzenketak onartu eta eskertzea. Apaltasuna da laugarren balioa, eta eginkizuna entrenamendu eta partiden ondoren aldagelak txukundu eta garbitzea izango da. Kirol-materiala jasotzen eta berau ondo zaintzen saiatu beharko dira jokalariak elkartasuna lantzean. Zintzotasunari, azkenik, joko garbia dagokio: jarrera eta hitz iraingarriak, denbora galtzeak, “antzerkia”, hau da, zelai gaineko ohitura txarrak, alboratu beharko dituzte jokalariek.A.U.L.