Amalur Artola
Donostia

Fermin Muguruza: «Presio-eltze bilakatu eta lehertu egingo da Kursaala»

«Pozez zoratzen gaude, baina tentsio ikaragarria dugu». Hitz horiekin abiatu du Fermin Muguruzak gaur arratsaldean ‘Black is Beltza’ aurkezten duela eta, filmean parte hartzen duten zenbait lagunekin batera eman duen prentsaurrekoa. Arratsaldean, Kursaala «lehertu» egingo dela aurreratu digu.

‘Black is Beltza’ filmeko lantaldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
‘Black is Beltza’ filmeko lantaldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Isaach de Bankolé, Unax Ugalde, Jorge Perugorria, Sergi Lopez, Jone Unanua, Beñat Beitia, Raul Fernandez ‘Refree’ eta beste hamaika lagun batu ditu gaur goizean Fermin Muguruzak Donostiako San Telmo Museoan, ‘Black is Beltza’ erakusketa ikusgai dagoen aretoan bertan. Izan ere, gaur 18.30ean da estreinatzekoa proiektua oinarri hartuta Muguruzak lagun guzti horiekin batera osatu duen ‘Black is Beltza’ animaziozko filma eta haiek ere eguneko protagonista bilakatu nahi izan ditu Muguruzak.

«Pozez zoratzen gaude, baina tentsio ikaragarria dugu», aitortu du musikari eta zinegile irundarrak, eta filmak bere sinadura badarama ere atzean berrehun profesional daudela nabarmendu nahi izan du: «Beraiek ez dute pelikula ikusi eta emozio handiko eguna izango da gaurkoa. Ahotsa jarri dutenak badakite aterako direla, baina ez dakite noiz, hiriz hiri jauzi egiten duelako filmak. Berrehun pertsonak hartu dugu parte eta K2an egongo diren beste laurehunekin batera, presio-eltzea bilakatuko dugu Kursaala eta, horrenbeste energia bilduko da bertan, lehertu egingo dela», ziurtatu du.

Hitza hartuta, Jorge Perugorriak proiektuan parte hartu izanagatik «oso pozik» dagoela azaldu eta besarkada estua eman dio Muguruzari, eta Raul Refree-k irundarrarekin lan egitea «izugarria» izan dela azaldu du: «Zuzendaria izateaz gainera musikaria ere baden norbaitekin lan egiten dudan lehen aldia da eta berak oso argi zuen hasieratik zer nahi zuen», esan du, horrek lana erraztu duela eta emaitzan ere igarri dela ziurtatzeaz batera. Muguruzak musikari kataluniarraren gaitasunak goratu ditu eta uneroko «justu nahi nuena» eman diola nabarmendu du.

Unax Ugalde izan zen proiektuan parte hartzeko lehen deia jaso zuena, «argi nuelako berak egon behar zuela», azaldu du Muguruzak, eta antzezle gasteiztarrak berak ere zalantza gutxi izan zuela baieztatu du: «Orain zortzi urte deitu zidanean baiezkoa eman nion proiektuaz ezer gutxi jakinda ere, Fermin miresten dudalako. Ferminen iruditeriatik abiatuta Manex-en pertsonaia sortzea zoragarria izan da».

Hau ez da film bat
Sergi Lopez ere izan da aurkezpenean. Warren Philips-en ahotsa da ‘Black is Beltza’n: «Filma misterio bat dela besterik ezin dut esan, baina Ferminez dakigunagatik eta erakusketan ikusi ahal izan dugunagatik, esan dezaket ez dela animaziozko film bat: artefakto bat da, bonba bat, hemen dagoenaren zati txiki batekin soilik hamaika film egin daitezke», ziurtatu du.

Musikari irundarrak hasieratik izan zuen argi filmean Oscar Jaenadak jarri behar ziola ahotsa Che Guevarari eta, hitza hartuta, aktoreak Muguruza bere ingurura lantalde bikain bat ekartzeko izan duen gaitasuna ohoratu du: «Halako ekipoa osatzea ez da erraza… Ferminek Unaxi deitu zion, honek niri, nik beste bati… Ferminek musikarekiko eta kulturekiko duen pasioak erakarrita sortu da talde hau», ziurtatu du. Bankolék, bere aldetik, «bere identitateaz arro dagoen jendeaz arro» dagoela esan du.

Filma gaur, 18.30ean, estreinatuko da Zinemaldian eta bihar ere izango da ikusteko aukera, 16.30ean eta 22.00ean Principe zinemetan.