‘Black is beltza’ animaziozko filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Fermin Muguruzak joan den ostiralean. Festak ordea, ez zuen etenik izan eta Aratz Erretegian izan zuen segida.
Unax Ugalde, Isaach de Bankolé, Sergi Lopez, Jorge Perugorria eta Oscar Jaenada aktoreen, Raul Refree musikariaren, Beñat Beitia animazio zuzendariaren eta Jone Unanaua ekoizlearen babesa izan zuen Muguruzak ostiralean, baita Rossy de Palma eta Willy Toledo filmean parte hartu duten aktoreena ere. Haien guztien aurrean aritu zen Jon Maia bertsolaria eta bideoan ikusi daitekeen segidilla honekin umore puntua jarri zion afariari.
Babes zabala jaso zuen Willy Toledok Donostian, txalo artean hartu baitzuten herritarrek Kursaal inguruan. Afarian ere izan zen eta zuzenean mintzatu zitzaion bertsolaria, «euskaldunen artean maitatua» dela nabarmentzeko.
Aratz Erretegiak berak partekatu du Facebooken Nagore Vegaren bideoa eta asteburuan harat eta honat ibili da.
‘Black is Beltza’ filmaren jatorria Fermin Muguruzak egunkarian irakurritako albiste batean kokatzen da. 1965eko urrian, Iruñeko erraldoien konpartsak kalejira egin zuen New Yorkeko Bosgarren Etorbidean, baina erraldoi beltzek ezin izan zuten desfilea egin, arrazakeriaren ondorioz.
Erraldoi horietako bat garraiatzeko ardura zuen Manex gaztearen historia azaltzen du filmak. Haren begiradaren bitartez, 60ko hamarkadan gizartea irauli zuten hainbat gertakari aurkeztuko zaizkio ikusleari: Malcolm X-en heriotza, Pantera Beltzak, Kubako iraultzailea…