NAIZ
DONOSTIA

Erraustegia geldi dezatela eskatzeko manifestazioa egingo dute hilaren 27an Donostian

Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak gelditu eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko, hamabost sindikatu eta gizarte eragilek bat egin eta manifestazioa deitu dute urriaren 27rako. Donostian izango da mobilizazio hori, ‘Erraustegia gelditu!’ lemapean. 

Donostiako udaletxe atarian egin dute agerraldia erraustegiaren aurkako manifestazioa babesten duten eragileek. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Donostiako udaletxe atarian egin dute agerraldia erraustegiaren aurkako manifestazioa babesten duten eragileek. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Donostiako udaletxe atarian bilduta, hilaren 27an erraustegiaren aurka egingo den manifestazioa aurkezteko agerraldia egin dute hainbat eragiletako ordezkariek. 

‘Erraustegia gelditu!’ lelopean, arratsaldeko 17.00etan abiatuko da manifestazioa Mendeurren plazatik. 

Jendetsua izatea nahi duten mobilizazioaren deialdiarekin bat egin dute sindikatu eta gizarte eragile desberdinek, hain zuzen, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Gurasos, Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldea (OEIT), ELA, LAB, CCOO, EHNE, ESK, Steilas, Hiru, Eguzki, Ernai, Gipuzkoa Zutik eta ‘No+Precaridad’ taldeak. 

«Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditu eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoi asko eta anitzak» daudela azpimarratu dute, baina argi utzita aldarrikapenean eragile guztiek bat egiten dutela argi utzita.

«Talde bakoitzak bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean: ingurumena, osasuna, ekonomia, jasangarritasuna, demokrazia, etorkizuneko Europaren bideari eta ekonomia zirkularrari eustea... Baina bada arrazoi bat gizarte osoak konpartitu dezakeguna: garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposaketarik onartzen ez dugulako», esan dute. 

Atzerrira begira ere jarri dira agerraldian, azken urtean gutxienez 18 erraustegi itxi edo gelditu dituztela azpimarratzeko. «Hemen ere posible da eta oraindik garaiz gaude», aldarrikatu dute.