
Euskara batuaren 50. urteurrena baliatuz, Euskaltzaindia XVII. Biltzarra egiten ari da Arantzazun, 1968ko bilkura egin zen toki berean. Gaur hasita eta larunbatera arte, 50 bat hizlarik hartuko dute parte, euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko eta etorkizunari begirako erronkak definitzeko.
Andres Urrutia euskaltzainburuak egin die harrera Arantzazuko Gandiaga topagunean bildutakoei. «Euskaltzaindia lanera etorri da Arantzazura, baina ez dator bakarrik: euskalgintzako eragileekin eta erakundeekin batera dator. Guztion laguntza behar baitu euskarak», esan du Urrutiak.
Euskararen batasuna bultzatzeko ezinbesteko ikusten dituen «ardatz estrategikoak» zehaztu ditu ondoren. Hasteko eta behin, lurraldetasuna arreta bereziz lantzea, euskararen lurralde bakoitzeko eragileekin elkarlanean arituz, hitzarmenak lortuz eta Euskaltzaindiaren presentzia areagotuz. Era berean, euskararen inguruan dauden premiei erantzutea, akademiaren erreferentzialtasuna bermatzea, erabiltzaileak erakarriz edota irakasle, hizkuntza teknikari nahiz gainerako bitartekari linguistikoekin lan eginez, erakundearen ikusgarritasuna areagotzea, berme zientifikoak eskaintzea eta, azkenik, Euskaltzaindiaren osaerari eta araugintzari buruzko gogoeta sakona hastea, mendeurrenaren karietara.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok, ere hartu du hitza eta azpimarratu du hizkuntzaren estandarizazioak «berebiziko garrantzia» izan duela «euskararen biziberritzean». Egun, erronka nagusia erabilera bultzatzea dela nabarmendu du eta bide horretan euskara batuak «paper garrantzitsua» jokatzen duela gaineratu du.
Estreineko jardunaldian 23 hizlarik hartu dute parte. Ikuspegi sozial eta historikoei eta linguistikari loturiko hitzaldiak heldu dira, Euskaltzaindiaren sorrera eta euskara batuaren egitasmoa testuinguruan jartzera heldu dena batetik, eta bestetik, berriz, onomastiken eta hiztegigintzaren gainekoak.
Miren Azkarate euskaltzaina, esate baterako, «hemendik aurrera zer?» galderari erantzuten saiatu da, «arau gehiago eman behar ditugu, ala aholkuak emateari heldu behar zaio?». Haren ustez «beharrezkoena», euskara batuaren, euskalkien eta tokian tokikoen plangintza egitea izango da, «eta hor ez dago muga iragangaitzik». Adibideak jarrita, tokian tokiko aldizkarietan nola idatzi behar ote den jarri du mahai gainean, «Zuazok dioen gisan, tokiko batuak behar ditugu?».
Bestalde, euskara batuaren gaineko jarrerak ere kontuan hartzekoak direla nabarmendu, eta ezinbesteko jo du ahozkoa lantzea. Besteak beste, erregistro informaletan erdarara jotzen delako, eta ikus-entzunezko medioetan, ETBn kasura, «gazteei erakargarriago egiteko-edo, tokian tokiko hizkerei bultzada garbia ematen zaielako».
NAIZen bitartean zuzenean jarrai daiteke Arantzazuko Biltzarra.

Un árbol único, que solo existe en siete pueblos navarros, está en plena floración

Más de 130 académicos vascos firman un manifiesto contra la reindustrialización armamentística

Aranceles de Trump para islas deshabitadas, bases militares y territorios con la ikurriña

La Ertzaintza entra en el gaztetxe Etxarri de Errekalde y los jóvenes abandonan el local
