Jon ORMAZABAL

Iker Irribarria, kaiolan ere eroso sentitzeko lanean

Iaz txapelketari muzin egin ostean, ondo prestatuta eta hobetzen jarraitzeko esperantzaz dago aramarra.

Profesionaletan kokatzeko ia astirik gabe, pilotari batek jantzi dezakeen txapelik desiratuena jantzi zuen Iker Irribarriak 19 urte baino ez zituela. Garaipenaren aparretan zela irabazi zuen baita, Beñat Rezustarekin batera, Binakakoa. Bitsak, ordea, indarra galdu zuen eta azken hilabeteotan pilotaren beste aldea ere ezagutu, 22. kartoitik urrun egoterena, alegia. Astearte gauean, baina, Sorian eten zuen bolada txarra, San Saturio Torneo irabazita. Soriakoa uda bete-beteko lehia ez den arren, mota honetako bere lehen txapelketa irabazi zuen Aramakoak, aurreko bost finalak galdu ostean. Orain, azkenaldian egindako lanari esker, kaiolan ere erosoago sentitu nahiko luke hastear den Lau eta Erdiko txapelketan.

Iaz, udan jokatutako partida ugarien eraginez, azken unean muzin egin behar izan zion Lau eta Erdiko Txapelketan jokatzeari. Aurten, aldiz, lasaiago, bueltan da bere dohainetara okerren moldatzen den espezialitatean gerra emateko prest. Gainera, helburuez galdetuta, bestela ezin omen dela-eta, «irabaztera» irtengo da aramarra.

Ia lehen partidaren bezperara arte binaka jokatzen aritu den arren, lehia prestatzeko denbora izan eta aprobetxatu du. «Argi dago lana egina gatozela, baina Buruz Burukoan ere lana ondo egina genuen eta ez ziren gauzak nahi bezala atera. Ea oraingoan irteten den», azaldu du.

Aldaketak prestakuntzan

«Iaz gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera», eta, ondorioz, prestakuntzan aldaketa batzuk egin ditu Irribarriak, Jokin Etxaniz eta Justo Lilloren aginduetara. «Prestakuntza aldatu egiten da, gorputza ere aldatu egiten da eta gauza berriak probatu behar izaten dira. Baina partidetan erakutsi behar izaten da».

Gorpuzkeran finago dagoela igartzen zaio, eta horixe zen jarria zuten helburuetako bat: «Finago nago, bai, baina hemen pilota eta gorputza mugitu egin behar dira, eta horixe da gehien kostatzen zaiguna, defentsan mugitzea. Entrenatzen ari gara, gustura gaude entrenamenduetan egindakoarekin, baina, gero, zuriz jantzita, ordubete horretan, jokatu behar izaten da».

Partida pilaketarekin zaila da udan fisikoki puntuan jartzea, «baina denak ere antzera heltzen gara, eta aurten ona daukadana da gure aurkariek ere lehen partida izango dutela gure aurkakoa», onartu du azken txapelketetan behin lehia hasita hastera ohituta zegoen Aspeko aurrelariak. «Udan ere, San Fermin Torneoan, Retegiren aurka irabazi genuen. Ezkurdiaren aurka, berriz, ikaragarri jokatu zuen, eta ezin izan genuen, baina ez dut uste gauzak gaizki egin genituenik. Gehien kostatzen zaidana da, baina pixkanaka neurria hartzen joan beharko gara. Azkenean gazteak gara, ikasten joan behar dugu eta badakigu kaiola ez dela gure fuertea, baina lana egin dugu eta ea gauzak ondo ateratzen diren».

 

Desafioa, Amezketa eta Tolosan

Kluben Arteko Euskal Herriko Txapelketaren atariko gisa antolatzen den Pilota Desafioa bi egunetan jokatuko da aurtengoan, urriaren 12an eta 14an. Berrikuntza bezala, Mahala Baserriko produktuak izena eramango duen lehia bi pilotalekutan jokatuko da, Amezketako Larrunarri eta Tolosako Beotibar.

Amezketako lehiarako, Antiguako Txapelketako elite eta promesa mailako irabazleak aukeratu dituzte –Iraitz Zubizarretak ezin izango du jokatu–, baina aurrelariak eta mailak nahastuz. Hala, Espinal-Ibarlozak Mata-Sarasaren aurka jokatuko dute, eta Eneko Labaka-Apezetxeak Egiguren eta Bikuñaren aurka. Tolosako finaletan, berriz, Larrunarriko binakako irabazleen arteko demarekin batera, Lau eta Erdiko eta buruz buruko partidak ere jokatuko dira, eta, horretarako, Master Kaiola eta Joxan Tolosa txapelketetako garaileak hautatu dituzte; Alberdi eta Zabala kaiolan eta De la Fuente eta Igoa kantxa osoan.J.O.