naiz

Estrasburgoren epaiak presoen auziaren irtenbideari «oztopoak» jartzen dizkiola adierazi du Sarek

«Sufrimendua areagotu eta presoen auziari irtenbidea emateko urratsak baino oztopoak dakartza, mendekuan oinarritzen den lege bati aurre egin eta justiziaz jokatzeko eskatu beharrean, beste aldera begiratu eta egoera hau bere horretan mantentzea dakar», adierazi du Sarek Estrasburgok zigor batuketaren inguruan hartutako epaiaren harira.

Sarek presoen zigor batuketaren inguruan agerraldia egin zuen Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Sarek presoen zigor batuketaren inguruan agerraldia egin zuen Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Sare Herritarrak «arduraz» hartu du Estrasburgok zigor batuketaren inguruan hartutako epaia. Ebazpena «aldekoa» dela ulertutzen du Sarek, «baina honen irakurketari dagokionean ez da esperotakoa izan». Izan ere, «giza eskubideak urratzea bermatzen duela» ulertzen du Sarek. «Estatu batean zein bestean oinarri berdinaren baitan betetako zigorrak kontuan hartzeari uko egiten dio, ondorioz, euskal presoek euren zigorra birritan betetzen jarraitu beharko dute, sententziak, prozedura judiziala okerra izan dela onartu arren», adierazi dute ohar baten bidez.

Sare Herritarraren ustetan, epai honek «sufrimendua areagotu eta presoen auziari irtenbidea emateko urratsak baino oztopoak dakartza, mendekuan oinarritzen den lege bati aurre egin eta justiziaz jokatzeko eskatu beharrean, beste aldera begiratu eta egoera hau bere horretan mantentzea dakar».

Era berean, espainiar Estatuari« zigorrak luzatzea dakarren lege injustu hau bertan behera uzteko» eskatu dio Sarek, «mendekua eta gorrotoa alboratu eta elkarbizitza eta bakea ahalbidetuko dituen egoera eraikitze bidean lagun izan dadin». Zentzu berean egin die dei espainiar Kongresuko ordezkariei.

«Euskal jendartearen gehiengoak argi adierazi du aurrera urratsak emateko garaia dela eta euskal presoen auziari, mendeku dinamika batetik aldenduz, irtenbidea emateko beharra dago elkarbizitzan oinarritzen den jendartea osatu ahal izateko», gaineratu dute. Bide horretan kokatu du iragan larunbatean Donostiako kaleak bete zituen mobilziazioa.

Bagoaz: «Estrasburgok espainiar Estatuak dituen legedi maltzurrak babesten ditu»

Bagoazek, ohar batean, epai honek «haserrea baino ez duela sortzen» adierazi du. «Giza eskubideen urraketa bat delako. sufrimendua baizik sortzen duelako euskal gizartea eta presoen ingurumenari eta bake prozesuaren oztopo bat delako».

Era berean, espainiar Estatuak «bake prozesuaren aldeko urrats baikorrak egin ditzan» eskatu dute, «badela garaia», gaineratuz. «Bere legedia aldatu behar du, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen», adierazi dute. Zentzu horretan, «mendekutik urrundu eta elkarbizitzaren aldeko bidea hartu behar duela» azpimarratu dute.