naiz
iruñea

Eztabaida bizia gaur, Iruñean, Eusko Ikaskuntzaren eskutik

100. urteurrenaren testuinguruan eta Liburu Berdetik Liburu Zurira doan bidean, Eusko Ikaskuntza Kongresuaren hirugarren saioa burutzen ari da gaur Iruñeko Civican aretoan. Saioa ‘Gizartea: aniztasuna eta kohesioa’ izendatu dute. Akademiaren eta gizarte zibilaren arteko elkarrizketa du oinarri.

‘Gizartea: aniztasuna eta kohesioa’, Eusko Ikaskuntza Kongresuaren hirugarren saioa.
‘Gizartea: aniztasuna eta kohesioa’, Eusko Ikaskuntza Kongresuaren hirugarren saioa.

Javier Mirandak, Caja Navarra Fundazioko lehendakariak, eta Joseba Asiron alkateak antolatzaileei eta Euskal Herriko lurralde desberdinetatik etorritako gizarte zibileko kideei ongi etorria eman diete goizean goiz. Beraiekin batera zeuden Ana Ollo, Gobernuko bozeramalea, eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. Lau arduradun instituzionalek Kongresuaren eta, zehatzago, gaurko jardunaldiaren balioa azpimarratu dute. Ehun pertsonatik gertu ari dira ekitaldia zuzenean jarraitzen.

Beatriz Akizu eta Julen Zabalo dira gaurko ekitaldiaren arduradunak, eta egunean zehar landuko diren gaiak eta erabiliko diren metodologiak aurkeztu dituzte. Azken bi urteetan egin duten lanaren laburpena plazaratu dute eta aurrera begira hori proiektatzen saiatu dira. Akizuk, besteak beste, herritartasunaren, gizarte zibilaren, erakundeen eta akademiaren artean egin behar den lana azpimarratu du. Zabalok kohesioaren eta hezkuntzaren auzietan aurreikusten diren eszenatokiak eta eztabaidak mahai gainean jarri ditu.

Eguerdira arte, Salvador Cardus, David Thunder eta Txoli Mateos adituek gizarte kohesioaren funtsa eta auzi honek eragiten dituen gatazkak aztertuko dituzte. Iker Iraola irakaslea dabil moderatzaile lanak egiten.

Arratsaldean komunikabideen papera ere aztertuko da.