NAIZ
GASTEIZ

Euskal langileen arazoak ez direla Madrildik konponduko ohartarazi dio LABek EAJri

EAEko Estatus Berriaren inguruan abiatu duen bilera errondaren baitan, EAJko ordezkariekin bildu da LAB Gasteizko Parlamentuan. Madrilera begiratzeari utzi eta erabakitzeko eskubidearen bermea Estatus Berriaren «erdigunean» jarrita Euskal Herrian «bide propioa» egin behar dela ohartarazi die sindikatuak jeltzaleei.

EAJko eta LABeko ordezkariak, Gasteizko Parlamentuan egin duten bileran. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
EAJko eta LABeko ordezkariak, Gasteizko Parlamentuan egin duten bileran. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, Ekintza Sindikal eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxueta EAJko Joseba Egibar, Luisja Telleria eta Josune Gorospe legebiltzarkideekin bildu dira Gasteizko Parlamentuan, sindikatuak EAEko Estatus Berriaren inburuan egin duen bilera errondaren baitan. Hainbat sindikaturekin eta Podemos eta EH Bildurekin izan ondoren, jeltzaleekin egin duen bilkura azkenekoa izan da.

LABen arabera, bilera giro «adeitsuan» garatu da eta bi aldeak bat etorri dira EAEn «egungo autonomia Estatutua gaindituko duen Estatus Berriaren beharra eta garrantzia» aitortzerakoan.

Sindikatu abertzalearen ustez, Estatus Berriak «egungo marko konpetentzialen topeak» gainditu behar ditu, eta halaxe helarazi dio EAJri. Arlo soziolaboralean, lan arautegian eta babes sozialeko gaietan «ahalmen legegile osoa» eskatzen dio LABek Estatus berriari.

«Ahalmen legegile osoa, eta marko propio baten beharra, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, 1.080 euroko pentsioak bermatzeko, soldata arrakalarekin amaitzeko edota, estatalizazioaren izurritearekin amaitu eta, inolako injerentziarik gabe, langileon lan baldintzak, lan harremanak, hemen negoziatzeko», besteak beste. 

LABek jeltzaleei adierazi dien beste gauza bat zera da: euskal langileen eta euskal herritarren arazoen konponbidea ez dela Madrildik etorriko, eta horregatik «Espainiara begira egoteari utzi eta hemen bide propioa egiteko determinazioa» eskatu dio EAJri.

«Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta Esparru Sozioekonomiko propioa eraikitzeko aukera ireki dezala Estatus Berriak», aldarrikatu du.

Horrekin batera, beste ohartarazpen bat egin dio EAJri: «Estatusaren inguruan kontsentsu zabalagoak lortu nahi izatea zilegi bada ere, adostasunaren izenean edukiak erlatibizatzerik» ez duela onartuko. Ildo horretan, erabakitzeko eskubidearen «aitortza eta bermea, bai ala bai», Estatus Berriaren erdigunean kokatzea ezinbesteko baldintzatzat jo du.

Aurrekontua sozialak

Lakuako Gobernuaren aurrekontuak eta elkarrizketa sozialaren dekretua ere izan dituzte hizpide bileran. Azken honi dagokioneez, bertan behera uzteko eskatu dio LABek. Aurrekontuei buruz, berriz, Lakuaren proiektuaren «ageriko hutsuneak» nabarmendu ditu sindikatuak, «gastuari bakarrik ez, sarrerei ere erreparatu behar zaielako, eta aurrekontuen bidez sortzen den aberastasunaren banaketa justu baten alde egin nahi bada fiskalitateaz hitz egin behar delako».

Sindikatuaren iritziz, aurrekontu horiek ez diete langileen «lehentasunezko beharrei» erantzuten, eta horregatik «enplegua duintzeko» aurrekontuak eskatu ditu, «besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatu eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak jaso dituzten aurrekontuak».

Aurrekontu «neoliberalen» aurrean aurrekontu «sozialak» aldarrikatu ditu LABek, «sektore publikoan enplegua egonkortzera bideratutako aurrekontuak, eta industria politika eraginkor bat garatzea ere posible egingo dutenak».