NAIZ+

‘Ziria ala saria’, Halloween ala Gau Beltza

Halloween festak kalabaza eta armiarma sareez bete ditu inguruak, baina gero eta gehiago dira Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko ohitura Euskal Herrian ondo errotutako tradizioa dela sostengatzen dutenak.

gau beltza
gau beltza

Urriaren 31ko gauarekin batera, kalabaza laranjak eta armiarma sareak non-nahi ikusi daitezke Ozeano Atlantikoaren beste muturretik datorren Halloween festari harrera egiteko. Ameriketako Estatu Batuetako filmetan ikus daitezkeen mozorro eta maskarak nagusi dira egunotan inguratzen gaituzten erakusleihotan.

Gau Beltza edo Arimen gaua, baina, euskal ohitura zaharra dela defendatzen dutenak asko dira. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea xede duen Ahotsak egitasmoak Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herrian ondo errotutako tradizioa dela dioten lekukotasunak bildu zituen orain urte batzuk.

Dirudienez, 1950. hamarkadara arte, gutxienez, eskualde ezberdinetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen Gau Beltza ospatzearena. Bermeon, Urnietan, Orion edota Oñatin bildutako testigantzen arabera, ohikoa zen urri bukaera eta azaro hasierako gau ilunetan, maindireak eta kalabazak lagun, heriotzarekin estuki lotutako giroan egindako txantxak egitea. Domu Santu egunez ere hainbat herritan etxez etxe eskean ateratzeko ohitura omen zegoen.

Halloween komertzialetik ihesi eta euskal ohitura zaharrak birgogoratzeko xedez, ahalegin gero eta gehiago egiten ari dira Euskal Herrian zehar. Erositako disfrazak alboratu eta etxeko arropa eta trapu zaharrekin jantziz, ikara zabaltzen saiatzen dira umeak han eta hemen. Gainera, « truco o trato» itzulpen kaskarraren ordez, euskaraz esapide jatorragoak daudela frogatu dute. Hauek dira eskean etxe eta denda atarietan erabiltzen diren batzuk: ’sosa ala pota’, ‘ziria ala saria’, ‘xandulin, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri’ edota ‘txingila mingila, kurruskario sagarrak merke eta udareak kario’. Dantzan web orriak iaz zabaldutako bideoan ezagutu genituen esapide horiek.