«Faxismo espainiarrak Altsasuko biztanleak probokatu eta umilatu nahi izan ditu», dio Sortuk prentsa ohar batean, gaineratuz «lortu duen bakarra» Euskal Herriko «askatasun egarria handitzea» handitzea izan dela. Hori horrela, Altsasuko herria zoriondu du, «pertsona guztien eskubide eta askatasunak defendatzeko» erakutsi duen «duintasun, ausardia eta mailarengatik».
«Altsasuarrek lortu duzue izaera neofrankistadun estremisten desenbarkoarekiko kordoi sanitarioa artikulatzea», azpimarratu du alderdi independentistak, nabarmenduz ez dutela bilatzen zuten argazkia lortu: «Altsasuk faxismoari aurre egin dio probokazioetan jauzi gabe».
Sorturen arabera, «ez Guardia Zibilak ez kanpotik etorritako alderdi ultraeskuindarrek» ezingo dute zer izan edo pentsatu behar duten inposatu.
«Ebrotik hegoaldera etekin politikoa» lortzeko Nafarroa «erabili» duten eskuin espainiarraren zuzendu zaie Sortu: «Nafarroan 1936ko altxamendu faxistaren ondorioak oso presente ditugu. Haren oinordeko ideologikoek jakin dezatela Nafarroa bere etorkizunaren jabe dela, bai gaur eta bai bihar».
Gaineratu du faxismo espainiarrak Nafarroan «nahi zuena egiteko» egunak amaitu direla. «Nafarroak eta Euskal Herri osoak aurre egingo die, gaur eta beti, indarrez beren ideia homofobo, arrazista, totalitario eta uniformatzaileak inposatu nahi dituzten sektoreei.