Maider IANTZI
LASARTE-ORIA
Entrevista
JOXE MARI AGIRRETXE «PORROTX»
EUSKARALDIAREN ETA HAMAIKA MARATOIREN ANTOLATZAILEA

«Euskara eraldatzailea dela frogatu da Lasarte-Orian»

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bulegoan, pasioz betetako hiru ordu pasako elkarrizketa izan dugu Joxe Mari Agirretxerekin. Poltsa koloretsu bat eskuetan, burua eta bihotza ongi hornituta atera gara. Laburpen posible bat duzue hau.

Badator Euskaraldia, Euskal Herri osoan, ostiral honetan hasi eta abenduaren 3ra arte, 11 egunez euskaraz egiteko ekimena. Ahobiziek euskaraz eginen diote ulertzen duen orori, eta lehen hitza ere hala eginen dute. Belarriprestek, aldiz, «egidazu euskaraz lasai» adieraziko dute, eta euskaraz ala erdaraz, ateratzen zaien bezala mintzatuko dira. Instituzioak eta herrigintza batu dituen proiektu handi honek baditu aitzindariak, eta itsasargi txiki horietako bat da Lasarte-Oria.

1934an Michelin lantegia ireki zutenetik, bi immigrazio prozesu gertatu ziren herri honetan: alde batetik, Euskal Herri barnekoa. Joxe Mari Agirretxeren aita, adibidez, Errezildik etorri zen lanera, emaztea ezagutu zuen, bertako baserritarra, eta familia osatu zuten. Baina gehien-gehienak Estatu espainoleko beste herrietatik iritsi ziren: Gaztelatik, Andaluziatik, Extremaduratik… Mercedes Rodriguez Marimototsen kasua hori da. Caceresekoa da.

Denbora gutxian, herri txiki izatetik 20.000 biztanle hartzera pasatu zen Lasarte-Oria, Michelin 4.000 langile izatera ere ailegatu zelako. Porrotxek agertu duenez, aldaketa bortitza ekarri zuen horrek geografikoki. Auzoak eraiki ziren ezerezean, dentsitate handikoak, batez ere etorkinek bete zituztenak. «Soziologian, kulturan eta nortasunean erabat aldatu zen herria, euskara arrotza izateraino». Euskaldun zaharrak baziren, baina biztanleria berri horretan gehientsuenak gaztelaniaz mintzatzen ziren. Michelin frantsesa izanik, frantsesa ere erabiltzen zen.

1986a, mugarria

Urte mugarria izan zen 1986a. «Orduan sortu zen gure udalerria, ordura arte bost auzo ginelako, Donostia, Usurbil, Hernani, Urnieta eta Andoaingo lurrekin osatuak. Hernani, Urnieta eta Andoaingo lurrekin osatu zen Lasarte-Oria». Gaur egun 18.000 biztanle ditu, baina lurraldez Gipuzkoako udalerririk txikienetarikoa da.

«Eskualdeko ahate itsusia zen kanpotarrentzat. Bertakoontzat, geurea zen eta maite genuen, orain bezala». Udalerria sortu zen urte berean Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun Taldea jaio zen. «Aktibistak ginen. Euskara azpibatzorde bat zegoen Udalean eta herritarrak elkartzen ginen, euskararen normalizazioaren alde lan egin nahian».

«Nik Eskola Nazionalean ikasi nuen, Texas Club de Futbol-en gaztelaniaz jokatzen nuen, lagunartean ere gaztelaniaz bizi nintzen. 16 urterekin AEKn eman nuen izena, ‘Nor zara? Nor izan nahi duzu?’ galdetu niolako neure buruari. Etxean euskaraz eta gaztelaniaz aritzen ginen».

Orain dela 52 urte jaio zen ikastola, baina 1986an haurren %80k A ereduan ikasten zuen. Beharretik lanari ekin, eta Euskararen Lehen Maratoia sortu zuten 86 hartan. Ez zekiten ezta zenbat euskaldun ziren ere, baina “Baietz 40 ordu euskaraz” erronka jarri zioten beren buruari. «Gai ote ginen oholtza batean, herri erdian, 40 orduz euskaraz mikrofonoari pizturik eusteko?».

Zortzikote bat osatu zuten jai hori dinamizatzeko, euskaldun zahar eta berriak, adin desberdinetako jendea, lau emakume eta lau gizonezko eta pentsaera politiko askotarikoak egotea bilatuz.

Herri osoari, elkarte guztiei luzatu zieten gonbidapena. «Ikastetxeek larunbat goizeko tartea zuten eta umeak pasatzen ziren oholtzatik; jubilatuek gimnasia egiten zuten; elkarteek, bakoitzak zuenetik, nahi zutena sortzen zuten. 1.200 lasartear pasatu ginen oholtzatik. Izugarri ondo atera zen jaia eta horrek bultzatu gintuen bigarrena antolatzera».

Besta nagusi bilakatu da

Gaur egun, maratoia lasartearren besta nagusia da. Bederatzigarren edizioa egin zen duela bi urte. Agirretxe zortzikote guztietan izan da eta, aurten, Euskaraldiaren hamaikakoan dago. «Lehenbiziko urtean ezin genuen pixa egitera ere jaitsi oholtzatik. Orinala eta kanpin denda genituen. Oso zorrotzak ginen: 40 orduak denak betetzen ziren oholtza gainean. Lo ere han bertan egin behar zen. Hori erlaxatzen joan da, baina hitza mantenduz».

«Dantzaz eta musikaz osatutako ikuskizun indartsu batekin amaitzen zen, emozionalki goi-goian. Denak elkartuta, hunkituta, beti esaten genuen: ‘Bihartik aurrera denok euskaraz, aupa Lasarte-Oria!’. Baina, biharamunean, ez zen ezer aldatzen».

Konturatu ziren egunero erabilera sustatzeko espazioak behar zirela euskararentzat. Izan ere, herrian antolatzen ziren jarduerak (kantatzeko, dantzatzeko, kirolerako, aisialdirako) erdaraz ziren. Poliki-poliki euskaraz funtzionatuko zuten ekimenak antolatzen hasi ziren: bertso eskola, Kukuka antzerki eta dantza eskola, Xumela koroa, Plaza Dantza, batukada, Eskola Kirola, literatur txokoa, ipar martxa...

Gaur astero-astero mila pertsonatik gora aritzen dira euskaraz hainbat ekintzatan. D ereduan daude ume guztiak; AEK eta udal euskaltegia daude, baita mintzalagun egitasmoa ere. «Alde batetik, administrazioa dugu, euskara zerbitzu indartsu batekin. Bestetik, Ttakun kultur elkartea».

Lasarte-Oria beste herri bat da. «Euskarak eta euskal kulturak eraldatu egin dute gure herria. Garai batean ahate itsusia baginen eta ligatzeko ere arazoak bagenituen orain eskualdean gehien ligatzen dutenak gara. Beharretik sortutako ekimenak ekarri du gure herria eraldatzea, geure herritartasunaz harro sentitzea eta eredu izatea».

Ahobizi eta belarriprest figurak sortu zituzten duela bi urte. Ia 2.000 lagun atxiki ziren. Maratoia abiapuntu bezala hartu, eta sei astetan, txandaka osatu zen ariketa. Astero ahobizi eta belarriprest batzuek lekukoa pasatzen zieten beste batzuei.

Topoan eta etxez etxe

Ekimen hori Euskal Herri osora zabaldu da orain, eta lasartearrek erronka berezia dute berriro ere: «Lortutakoari eutsi eta harago joan behar dugu». Horretarako, ekintza berriak egin dituzte. Horietako bat topoan, Euskotrenekin adostuta. Azafataz jantzita, bagoietan musikarekin sartu eta Euskaraldiari buruzko informazioa eman dute Lasarte-Oria eta Donostia arteko 20 minutuko bidaian. Paperak eta boligrafoak banatu, eta izena ematera ere gonbidatu dute.

Bestetik, euskara atari guztietara eraman dute, herritar bakoitzarengana. «Euskara zerbitzua, Ttakun eta herritarrak batuta, Euskaraldiaren poltsa sortu dugu. ‘Izan puntu’ leloarekin, norbera herriari bere kolorea ematera animatu dugu. Abestia, koreografia eta bideoa sortu ditugu». Azaroaren 10ean, larunbata, etxez etxe ibili ziren 160 lasartear bikoteka. Bakoitzak 80 bat etxe egin behar zituen. Euskaraldiaren petoa jantzi eta poltsak zintzilikatuta abiatu ziren, Udalaren erabateko babesarekin (PSE, EH Bildu, Ahal Dugu, EAJ eta PP).

160 petodun horietatik gazteenak 16 urte ditu, DBHko 30 ikaslek parte hartu zutelako. Taldean ahobizi eta belarriprestak daude. Hamaikakoan daudenak, elkarteetakoak, euskaltegiko ikasleak… Helduena 84 urteko emakume bat da. Goiz batez, 18.000 lasartearren atea jo zuten.

«Etxeen erdietan ez zegoen inor eta poltsa zintzilikatu genuen. Denetarik topatu genuen: dutxatik atera berria toalla buruan, sukalderaino sarrarazi eta hamaiketakoa eskaini ziguna, aldekoak, indiferentziazkoak, presa zutenak... Poltsa bakoitzean koloretako puntu bat dago. Herria kolorez betetzea nahi dugu eta herritarrak hasi dira jada puntuak balkoietan jartzen».

Etxe batean baino gehiagotan ingelesez azaldu behar izan zuten zer zen Euskaraldia. Lagun batek argentinar bat topatu zuen, duela astebete bertara bizitzera etorria. Ekimena esplikatzen hasi zitzaion, interesa piztu zion, eta azkenean lagun egin eta euskaltegian izena emateko erabakia hartu zuen.

«Sentsazioak bikainak. Denon arteko hartu-emanak ederrak. Pedagogia soziolinguistikoa, inoiz ez bezalakoa. Izen-emate zuzenak: 225. Izen-emate potentzialak: auskalo! Zorionak denoi!». Agirretxek Lasarte-Oriako Euskaraldiko Whatsapp taldeko mezua erakutsi digu, etxez etxe ibili zirenean behin-behineko emaitzak azalduz bidali zutena.

«Ez ditugu haurrak ahantzi»

Asteon Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengana eramanen dute Euskaraldia. Espresuki 16 urtetik gorakoentzat antolatu da ekimena. «Bestela oso erraz uzten dugu gure ardura umeengan. Baina ez ditugu ahaztu, eragile izan daitezkeelako. Inportantea da aztertzea familia bakoitzak zein gaitasun duen. Belarriprestak direnekin kosta egiten ahal zaigu euskaraz egitea. Orduan, une jakin batzuk har daitezke. ‘Euskaraz egingo dugu afaritan’».

Euskara ez da soilik elkarrekin komunikatzeko tresna bat; balioak transmititzen ditu. «Normalizazioaren alde ari denez, korrontearen kontra, borrokan ari direnekin enpatizatzen du, txikiekin, genero begiradarekin, ekologiarekin, beste ekonomia batekin, elkartasunarekin. Euskararekin balio batzuetan oinarritutako mundu bat ari gara egiten». Marimototsek, 20 urterekin euskaraz ikasten hasi zenean, mundu ikuskera berri bat deskubritu zuen, eta zoriontsu egiten du.