NAIZ
ERROMA

Erroman Egoitza Santuan aurkitu dituzten hezurrak ez dira Orlandirenak, Fiskaltzaren arabera

Erroman Egoitza Santuan aurkitu dituzten hezurrak ezin dira izan Emanuela Orlandi eta Mirella Gregori, duela 35 urte desagertu ziren gazteenak, 1964 baino lehenagokoak direlako, Erromako Fiskaltzaren lehen ondorioaren arabera.

Egoitza Santuaren eraikina, Erroman. (Alberto PIZZOLI/AFP)
Egoitza Santuaren eraikina, Erroman. (Alberto PIZZOLI/AFP)

Erromako Fiskaltzak gaur jakinarazi dio Emanuela Orlandi gaztearen familiari Egoitza Santuaren Villa Georginan topatu dituzten giza hezurrak 1964 baino lehenagokoak direla, lehen analisien arabera, Laura Sgro abokatuak Efe agentziari azaldu dionez. Hori baieztatuko balitz, hezurrak ez lirateke duela 35 urte desagertu ziren Orlandi eta Mirella Gregori gazteenak. Nolanahi ere, abokatuak esan du oraindik karbono 14 froga egin behar dietela, baita DNA azterketa ere.

Hainbat hedabideren arabera, gizon baten hezurrak lirateke Villa Georginan topatu dituztenak, baina Fiskaltzak ez du ofizialki baieztatu.

Urriaren bukaeran aurkitu zituzten hezurrak Villa Georginan, Egoitza Santuaren jabetzakoa den baina Hiri Santuaren harresietatik at dagoen eraikinean, eta Italiako hedabideek berehala lotu zuten aurkikuntza Emanuela Orlandi 15 urteko neskatoaren desagerpenarekin. 

Orain 35 urte desagertu zen Orlandi, Vatikanoko funtzionario baten alaba. Ekaineko arratsalde eguzkitsu batean galdu zen haren aztarna, eta ordutik hamaika dira gertaeraren harira haizatu diren konspirazio teoriak.

Hilabete lehenago, ordea, Mirella Gregori 16 urteko gaztea desagertu zen; Egoitza Santutik ehun metrora bizi zen, eta orain aurkitutako hezurrak harenak izan litezkeela ere zabaldu da.