Sortuk oharra kaleratu du Bizkaiko Auzitegiak Cabacas auziaren epaia kaleratu ostean. Beste ezer baino lehen elkartasuna eta babesa eskaini dizkie Iñigo Cabacasen senide eta lagunei, eta une honetan haiek «sentitzen duten amorrua eta inpotentzia» bere egin ditu.
Epaitegiek «berriz ere justiziarik egin ez badute ere», «hilketaren egileei eta haien arduradun politikoei» ausardia exijitu die indar abertzaleak, eta «eragindako mina onartzeko ariketa egin dezaten».
«Gogora dezagun hilketa hura gerra operazio baten testuinguruan egin zela: herriko tabernan gogor sartzeko agindua eman zutenek eta tiroak jaurti zituztenek bazuten hango giro baketsuaren berri, eta hildako bat eragin zuten, epaiketan argi geratu zenez», nabarmendu du oharrean.
Gaur ezagutu den epaiarekin, Sorturen iritziz, agerian geratu dira «injustizia eta inpunitatea», eta gogor salatu ditu. «Justizia sistemak eta polizia ereduak, beste hainbat estamentuk bezalaxe, oraindik iraganeko logikari erantzuten diote, gatazka logika bati, eta guztien erregenerazioa premiazkoa da» bere ustez.
Kalera ateratzeko deia
«Bidegabekeria hau» salatzeko antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Sortuk.