Ainara Lertxundi
donostia

‘Maritxipi eta Amatxo’: nola azaldu haur bati kartzela zer den eta ama utzi behar duela?

‘Maritxipi eta Amatxo’ Sara Majarenas kartzelan zegoela alabari idatzitako ipuina da. «Nola azaldu ume bati hiru urte betetzean, beretzat natural eta hain berea den espazio bat utzi behar duela?». Galdera hori buruan, idazteari ekin zion Majarenasek. Kartzelak dituen oztopo guztien gainetik, idatzitako testuak preso dagoen Mikel Orbegozori igortzea lortu zuen eta hark maitasun hizki horiek marrazki bihurtu zituen. Denborarekin eta Joxemari Carrereren kolaborazioarekin, ‘Maritxipi eta Amatxo’ jaio da. Gaur aurkeztu dute Donostiako Tabakaleran.

Oihana Mujika, Mikel Orbegozoren ama, Sara Majarenas eta Joxemari Carrere, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)
Oihana Mujika, Mikel Orbegozoren ama, Sara Majarenas eta Joxemari Carrere, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)

Badago ama preso batek beti buruan duen data bat; semearen edo alabaren hirugarren urtebetetzea, hain zuzen ere. Jakin badaki, hiru urte betetzean bere umetxoak kartzela utzi beharko duela. Baina nola azaldu hori hain txikia den pertsona bati? Nola azaldu zer den kartzela? Eta derrigorrez banatu behar dutela hiru urte bete dituelako?

Galdera horiek guztiak buruan zituela, Sara Majarenasek bere alaba Izarrentzako ipuinak idazteari ekin zion Picassenteko kartzelan. «Aldi berean beste banaketa batzuen lekuko izan nintzen. Ama bakoitzak bere trikimailuak ditu banaketak azaltzeko, mimo handiarekin eta kalitate pedagogikoarekin. Mikel Orbegozo lagunak –hura ere presoa– primeran jakin izan zuen nire ideak marrazkien bitartez islatzen. Izarrentzako ipuinak berari bidali eta berak marrazkiak bidaltzen zizkidan bueltan espetxeak dituen oztopo guztiak gaindituz; kartzelaz kartzelako korreoak, interbentzioak, bidean galtzeko arriskuak… Hala ere, Mikel beti iristen zen garaiz», gogoratu du Majarenasek berak gaur goizean Donostiako Tabakaleran eginiko aurkezpenean.

«Izarrentzako egindako ipuina ez nuen erabili gertatu zena gertatu zelako. Behin aske eta etxean nengoela, baina, karpeta zahar batean ipuina aurkitu nuen berriro, Mikelek bidalitako gutun-azal berean sartuta. Esanahiez beteriko marrazki horiek erabilpenik gabe uzteaz damutu nintzen», gaineratu du. Hala, Joxemari Carrererekin harremanetan jarri eta ‘Maritxipi eta Amatxo’ ipuina jaio zen.

Gaur Donostian aurkeztu duten arren, abenduaren 5ean, Durangoko azokan, arratsaldeko 19.00etan, ere aurkeztuko dute, eta aurkezpenera joateko gonbidapena luzatu dute. Egun horretatik aurrera, salgai izango da eta Sareren web orrialdean ere eskuratu ahal izango da.

«Nola esplikatu ere kartzela zer den gurasoak kartzelan ez dituen haur bati, edo kartzela soilik filmetan ikusten duen ume bati? Nola azaldu manikeismoan erori gabe? Orduan, irudimenaren mundua erabiltzen duzu. Izarrena gertatu zenean, niretzat inpaktu bat izan zen hainbat faktore elkartzen ziren eta: haur bati egindako erasoa, kartzelako egoera, genero eraso bat... Nola azaldu eta salatu horrelako egoera latz bat? Sarak deitu zidanean bere ipuin bat moldatzeko, ikusten duzu nola idazten duen kartzelan dagoen pertsona batek gai honi buruz. Ipuina hartu eta nola moldatu erronka bat izan zen niretzat. Fruitua hau da eta polita atera dela uste dut, ezta?», azaldu du irribartsu Carrerek.

«Txikienentzat idatzia egonagatik ere, guraso, hezitzaile edota irakasleak baliatu dezaketen tresna dela uste dugu. Sufrimendu egoera hau pairatzen duten 103 haurren errealitatea aldatzea beharrezkoa da. Jendarte osoarentzat izango baita onuragarria Maritxipi eta bere ama elkartu diren moduan, beste guztiak ere euren gurasoekin egotea», nabarmendu du Oihana Mujika Motxiladun Haurren taldeko kideak. Agerraldian, Mikel Orbegozoren ama ere egon da. Behin bukatuta, aurkezpena adi-adi entzuten egon diren haurrak borobilean eserita Carrereren ahotan entzun dute ipuina.