NAIZ+

Euskaraldiaren uzta

Amaitzear da Euskaraldia, baina utzitako uzta ez da segituan galduko. Hamaika ezusteko hartu ditugu hizkuntza inertziak aldatuta eta gure mugak ere gainditu ditu Euskaraldiak. Festa eta aldarrikapen giroa nagusi da ekimenaren azken ordutan.

Euskaraldiak utzitakoa.
Euskaraldiak utzitakoa.

Euskaraldia bere helmugara iritsi da. Hamaika egun eman dituzte Euskal Herriko aho bizi edo belarri-prestak, txapa soinean, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten, barneratutako inertziak astinduz eta euskararen erabilera areagotuz.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko aktibazio ariketa nazionala honetan 16 urtetik gorako 220.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute. Ekimenak izan duen eragina handia izan dela azpimarratu dute arduradunek.

Euskaraldiaren azken txanpan festa giroa gehitu zaio ekimenari eta herriz herri hamaika hitzordu izan dira amaiera borobiltzeko. Antzerkiak, sari banaketak, herri argazkiak eta irakurketak izan dira han eta hemen.

Laudion egun osoko festa ederra izan da Euskaraldiaren azken ordutan.

Euskaraldiaren alde ederrena, protagonistek euren rola jokatuz bidean hartutako ezusteak izan dira. Norberaren hizkuntza ohiturak aldatuz sorpresa eta konplizitate berriak aurkitu dituzte askok inguruan eta horien berri eman dute askok sare sozialetan.

Euskal Herriko mugak gainditu, eta ezusteko lekuetan aurkitu dugu Euskaraldia. Valentzian adibidez, euskararen alde bat egin zuen Laurak Bat bertako Euskal Etxeak eta Mikel Merlori esker bertako maratoian ere korrika egin zuen atzo euskarak.

Argentina, Japonia, Txile edota Poloniara ere heldu da Euskaraldia.