«Konstituzioaren balizko erreforma batek, ezinbestean jaso beharko luke Euskadi nazio dela aitortzea. Arazoak ez dira konpontzen begiak itxita eta errealitateari ez begiratuta. Beren burua konstituzionalistatzat daukaten alderdiak gonbidatu nahi ditugu ondorengo hausnarketa egitera: Horrenbeste defendatzen duten Estatuari zer kalte egin dakioke nazio errealitateak aitortzeak?», adierazi du Jokin Bildarratzek, EAJren senatariak, Sabin Etxean eskainitako agerraldian.
Espainiar Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira, data hau euskal hiritargoaren «gehiengo handi batek» ez duela ospatzen nabarmendu du. Konstituzioarekiko urruntze hau ez dela berria azpimarratu du Bildarratzek. «Euskadi izan zen 1978ko erreferendumean abstentzio gorena eman zen lurraldea». Orduan, gizartearen %30ak babestu zuen. «Urruntze hau egunez egun handitzen ari da, Konstituzioak planteatzen zaizkion arazoak konpontzen laguntzen ez duelako: Katalunia, Euskadiren nazio izaeraren aldarrikapena, judikatura, ustelkeria…. Estatuko botereak ere ez dira Konstituzioa erabiltzen ari gaurko arazoak konpontzeko, eta horri begira dago hiritargoa», kritikatu du senatariak.
Zentzu horretan, EAJk espainair Estatua birzentralizatzeko nahiari «betidanik» egin diola aurre gaineratu du. «Eta bide beretik jarraituko dugu. Urteak daramatzagu birzentralizatzeko gosea ematen ari dela ikusten. Alde batetik, auzitan jartzen dira argi eta garbi dagozkigun eskuduntzak eta, beste alde batetik, ez zaizkigu aitortzen Gernikako Estatutuan ezarritakoaren arabera dagozkigun eskubideak».
Horren aurrean, autogobernua indartzea proposatzen dute. «Euskal gizarteak gero eta autogobernu maila handiagoa eskatzen digu, gero eta eskuduntza gehiago, urte hauetan guztietan erakutsi dugulako hemendik hobeto kudeatzen ditugula eta horrek denontzako onurak dakartzala. Euskal hiritargoak hauteskundez hauteskunde eskatu digu, 1978tik aurrera, eta guk birzentralizazioaren kontrako harresia eraikitzen jarraituko dugu».