Jon Ormazabal
Iruñea

Elezkano eta Rezustak hartu diote neurria txapelketari (17-22)

Txaparekin haserre ibili da Jokin Altuna eta lehen partida galdu dute amezketarrak eta Martijak, markagailuan beti atzetik joan ostean.

Dani Elezkano, pilota astintzeko prest. (Iñigo URIZ / FOKU)
Dani Elezkano, pilota astintzeko prest. (Iñigo URIZ / FOKU)

Lehen partidan euren mailatik behera egon ziren arren, Elezkano II.a-Rezusta, iazko azpi-txapeldunak, oso kontuan hartzeko bikotea direla berretsi dute gaur Labriten, Altuna III.a-Martija, orain arteko liderrei nagusitasunez (17-22) gailendu ostean.

Eta hori Bergarako atzelaria ondoezik irten dela kantxara eta markagailua 3-4 zela aldageletara joan dela medikuarekin egoteko. Indarturik irten da kantxara atzelari gipuzkoarra eta Danel Elezkano oso eraginkor batek lagunduta, 3-10 hautsi dute markagailua. Ezin esan Martijak lan txarra egin duenik, baina bere parekoak bizkarra erakutsi dio partida guztian eta horrela zaila da partidak irabaztea.

Batez ere, Jokin Altunak erasoan bere eguna ez duenean. Txapa ere kontra izan du eta lau pilota bota ditu bertara. Haserre amaitu du amezketarrak bere buruarekin, baina kontuan izan behar da behartuta sartu behar izan duela errematera eta aurkariek apenas egiten dutela oparirik.

Saiatu dira gorriak partidari buelta ematen, baina azkenerako markagailua apur bat orekatzea baino ez dte lortu eta txapelketako euren lehen porrota pilatu dute.