Merkurio literarioa
Egin du bide erdia Durangoko Azokak eta orain arte emandakoari –eta saldutakoari– termometroa sartu diogu utzi digun lekutik. Editoreengandik zirrikitua aurkituta, badirudi Azoka bero doala eta ez duela aurtengoan, momentuz, hotzik nabaritu. Merkurio literarioari begirada bat, meridiano zentraletik.
Durangokoa Azoka bada, merkatutik ere badu, eta bertaratzen denaz harago, azokaratutakoak erosten duenari arretaz begiratzen diote salmahaiaren bestaldean daudenek. Editoreekin erronda egitea da termometroari neurria hartzeko metodoetako bat. Eta badirudi tenperatura nahiko beroa dagoela, atera dutela euskal literatura eguzki galdatara.
Katakrak, Igela, Txalaparta, Pamiela, Erein eta Elkarren egin da kontsulta eta guztiak bat datoz iritzi berarekin. Azoka bere erdibidera iritsita, lehen balantze modukoa egiterakoan, argi diote asteazkena egun tristea izan zela, baina ostegunean jendetza batu zela Landakon eta izandako emaitzak onak direla. Saldu, beraz, saldu da. Saltzen ari da.
Baina zer da irakurleak gehien eskatzen duena? Nork erakartzen du eroslerik gehien? Katakraken liburu feministen aldekoa izan da apustua, nahiz Hedoi Etxartek dioen «hori baino gehiago ere badakartela liburuok». Angela Davis, bell hooks, Rosa Luxemburg, Leslie Feinberg, Silvia Federici... Bada non aukeratua, baina gehientsuenen artean da bell hooksen “Feminismoa denon kontua da”. Aurkezpenean esan zuten hura badela gazteei zuzendutako liburua, hastapen lan bat, eta baita barruan dauden feministentzat kontsultarako obra. Eta badirudi aurreusteek uste izateari utzi diotela, Etxarteren esanetan gazte asko joan baitira hooksen bila, baita gizonezko ugari ere.
Gazteengan arrakastaz bizi du Txalapartak GARA eta NAIZeko kazetari Aitor Agirrezabal eta Aritz Intxustak Altsasuko auziari buruz osatu duten lana. «Salduena da eta aldearekin», nabarmendu zuen Jon Jimenezek. «Gazte asko erakarri ditu lanak, oso modu argigarrian eta era ulerterrazean baitago azaldua bertan gertatutakoa». Gaia puri-purian dago eta bigarren edizioa ere izan du lanak. «Ez dakigu Azokarako nahikoa izango den». Bere ondoan Jose Mari Esparza eta Belatz. Biak ere sinatu eta sinatu, lan oparo etengabean. «Kateatuta naukate hemen!!!», esan du Belatzek editorearen bizkarrean.
Hutsuneak estaliz
Gazte eta ikasleei bideratu ohi die bere lehenengo eguna Durangoko Azokak. Aurten ere ez da salbuespenik izan. Asteazkena haiei zuzendutako jardunaldia (edo aurrejardunaldia) izan baitzen. Literaturak eta Azokak berak etorkizuneko irakurleak behar baditu, bazka gaztea ere ematea egokitzen zaie idazle zein editoreei.
Igelaren kasua da bat. Xabier Olarrak eta Joseba Urteagak duela 25 urte itzuli zituzten Dashiell Hammeten “Uzta gorria” eta Henry Jamesen “Koxka bat estuago”. «Irakasleak ginen artean eta gazteentzako irakurgaiak behar genituen». Duela 25 urte itzulitako lana berritzuli dute orain, justuki nerabeentzako eskaintza zabalagoa denean. Ez al da paradoxa? «Klasikoak dira eta ez ditugu galtzen utzi nahi. Agatha Christie ere hemen da, eta kontsumitzaile gazte ugari ditu berak ere».
Hurrengo geltokia, Elkarren. Alaitz Aizpuruk egin du gogoeta. Gazte literaturan bada hutsune handi bat. «Gazteengan gehiago kolpatzen dute gaztelerazko edo ingelesezko liburuek». Enkarguzkoak izan ohi dira euskal idazleek gazteentzat egindako lanak. «Enkargu laxoak dira. Guk pauta oso orokor batzuk ematen dizkiegu, eta gero bakoitzak erosoen sentitzen den eremura eramaten du». Aurten gazteei zuzendutako sail berri bat abiarazi du Elkarrek eta Garbiñe Ubedak bota du lehenengo harria. “Sasieskola” da, 16-20 urte arteko gazteei zuzendutakoa, 80ko hamarkadan girotutako lana. Bestelakoan, Katixa Agirreren “Amek ez dute” izan daiteke salduenen arteko destakatuena.
Pamielan, Pello Elzaburu. Hura ere pozik orain artekoarekin. «Ostegunekoa izan da egunik indartsuena, eta pozik gaude, baina biharkoa (larunbata) are indartsuagoa bada, hobe». Joseba Sarrionandiak Habanatik idatzitako gaukaria du bere estandarteen artean. “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?” galderari erantzunez urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte idatzitako noktarioa egin du idazle iurretarrak, politikaz, soziopolitikaz, literaturaz eta beste hainbat gaiez hornitutako lanean. Baina gazteek erosten al dute Sarri? Elzabururen aburuz, «badira idazle batzuk transbertsalak direnak». Bernardo Atxaga aipatu du, Xabier Lete bera. Eta baita Sarri ere. «Gazteek erosi dute... bada baten bat ere amarentzat dela esan duenik», bota du jarraian barre artean.
Ereineko editore Inazio Mujika Iraolak aurten jendea liburuak erosteko «amorru bereziz» ikusten du, besteetan baino gehiago. Gogotsu ei dator irakurlea Azokara.
Landakoko sarrera nagusiko atarian topatu dugu, justuki, Toti Martinez de Lezearen ilara amaitzen zen tokian. Goizeko 11.30ak eskas izango dira, Azoka ordubete atzera baino ez dute zabaldu eta dagoeneko atari nagusiaz harago doan irakurle ilara osatu du idazle arabarrak. Imantatutako idazlea litzateke Martinez de Lezea, erakarpen mailari dagokionez. Magnetismoa darie haren lanei, bai haur literaturari eskainitakoei (Nur saga) edo nobelei (“Llanto en la tierra baldía” da bere azken obra). #TotiKola traola erabilia da egunotan lerrook idazten ari den kazetaria baina Mujikak ekarri du bestea, #Totilara. Beste bat zakurako. Izanak izan, Ereinek du ziurrenik aurtengo literatur ekoizpenik handienetakoa. Sinadura nagusien artean ditu, besteak beste, Pako Aristi, Jon Arretxe eta Alaine Agirre.
Bide erdiraino iritsi da, hortaz, Durangoko Azoka. Jendetza dabil egunotan Landakon; esan genezake agian azken urteetako jendetsuena izaten ari dela. Iritzi ekuatoriano batzuk batuta joan dira lerro hauetan, baina igandean ikusiko da benetan zer eman duen. Adi, hemen eta NAIZen jarraituko dugu-eta.