naiz

EAErako hezkuntza lege berri bat aldarrikatu dute Ehigek eta sindikatuek

Ehige Gurasoen Elkarteak, CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, beste hainbat eragilerekin batera, Euskal Hezkuntza Legeari buruzko manifestua aurkeztu dute. «Hezkuntza Sailak ez du argitu hezkuntza publikoa ardatz izateko pausuak eman nahi dituen ala ez, eta, bestetik, prozeduran izandako parte-hartzea ez da demokratikoa izan», adierazi dute ohar baten bidez.

Ehige Gurasoen Elkarteak eta CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek agerraldia egin dute. (FOKU)
Ehige Gurasoen Elkarteak eta CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek agerraldia egin dute. (FOKU)

2017ko irailean, Lakuak balizko hezkuntza lege baten oinarri izan nahi zuen hezkuntza akordio zabal bat lortzeko prozesuarekin «kritiko» agertu dira Ehige Gurasoen Elkartea, CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuak eta beste hainbat eragile.

«Hezkuntza sailak, daukan arduratik, ez du argitu zein den bere hezkuntza eredua eta zein diren bere asmoak, hau da, ez du argitu hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izateko pausuak emateko prest dagoen edo egungo sare banaketa kontsolidatu nahi duen». Aldiz, manifestua sinatu dutenen iritziz, «egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren aldetik, justizia soziala bermatuz eta eskola publikoa indartuz».

Era berean, prozedurari dagokionean, «oinarrizko parte-hartze demokratikoaren aurkakoa» izan dela iritzi dute. Edukiei dagokionez, berriz, «hezkuntza sistemari eragiten dioten oinarrizko hainbat gai kanpoan» utzi dituela gaineratu dute. «Bereziki esanguratsua da segregazioa eta finantzazio ereduaren inguruan aipamenik ez egotea». Prozesu horren ondorio izan da «Hezkuntzaren aldeko akordioa» deritzona, eta dokumentu honetan eta Lomceri lotuta dagoen Heziberrin oinarrituta Euskal Hezkuntza Legea egitea adostu du Gasteizko Legebiltzarrak.

«Gaur hemen bildu garen eragileok ozen salatu nahi dugu hori ezin dela izan hezkuntza lege berri baten oinarri. Legeak adostasun zabalak behar ditu, etorkizuneko hezkuntza-sistema eta ondorioz jendartea bera ere nolakoa izango den baldintzatuko baitu. Horregatik, oinarrizko parte-hartze demokratikoa bermatuko duen prozesu berri bat abiatzea eskatzen dugu, guztiok adostutako gaiekin».

Horren aurrean, «egungo sistemaren diagnostikoa jasoko duen lege bat» eskatu dute. «Egungo sare banaketa zalantzan jarri, ituntze unibertsal politika eten eta eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko konpromisoa» izatea ere aldarrikatu dute, baita «eskola publikoa lehenetsi eta aukera berdintasuna bermatuko duen administrazioaren planifikatzeko ardura ezarriko duena».

Hezkuntza inbertsioa Europako batez bestekoetan kokatzea defendatu dute, «ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz». Honek «ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea, hezkidetzailea, laikoa eta doakoa» bultzatuz.

Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatzea ere aldarrikatu dute, «ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen murgiltze eredua ardatz duen hezkuntza eredu bakarra» eta hezkuntza gizartearen zerbitzura jartzea eta «ez merkatuaren esanetara».