NAIZ
BILBO

Espetxeetara martxak egingo ditu Kalera Kalerak, konponbide integralerako agenda eskatzeko

Kalera Kalera dinamikak Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak eta Iruñean manifestazioa egingo ditu Gabonetan, ‘Bada garaia. Presoak kalera’ lelopean. Gatazkaren konponbide integrala aldarrikatuko du.

Kalera Kalera dinamikako kideek Bilbon aurkeztu dituzte espetxeetara martxak. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Kalera Kalera dinamikako kideek Bilbon aurkeztu dituzte espetxeetara martxak. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ernai, LAB eta Sortuk osatzen duten Kalera Kalera dinamikak Eguberrietan egingo dituen mobilizazioak aurkeztu ditu gaur goizean Bilbon. ‘Bada garaia. Presoak kalera’ izango dute lelotzat, eta konponbide integralaren beharra aldarrikatuko dute. Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak egiteaz gain, Iruñean manifestazioa antolatu dute.

Haimar Altunak eta Oihana San Vicentek nabarmendu dutenez, ezker abertzaleak «egindako borrokari eta lanari esker», Estatu espainolaren kartzela politika «ankerra baldintzatzea eta pitzatzen hastea» lortu du eta orain, PSOE Gobernura iritsi dela, «gure ildoa egokitzen asmatu behar dugu».

Kalera Kaleraren aburuz, Estatuaren politikarekin «apurtzeko eskemak baliagarria izaten segitzen du, baina egoera berrira egokitu behar dugu» eta «unea ondo interpretatu». Horretarako, beharrezko jotzen du euskal jendartearekin konponbiderako agenda adostea. Izan ere, nabarmendu dute, «ez da ezker abertzalearen auzia» eta Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, «denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko».

Altunak eta San Vicentek adierazi dutenez, horrek konpromisoari eustea eskatzen du, eta «arduraz jabetzea». «Estatu espainiarraren blokeoa eta garaituen eta garaileen eskema gainditzeko ezinbestekoa izango da gu guztion lana eta kemena», azpimarratu dute.

Horrenbestez, sufrimendu guztiekin bukatzeko preso eta iheslarien egoera konpontzea premiazko jo dute, eta eskubideen aldarrikapenetik konponbide integralerako agenda batera «salto egitea» proposatu dute.

Agenda horrek, Kalera Kaleraren iritziz, lehentasunei heldu behar die lehendabizi, «egoerarik urgenteenei» irtenbidea bilatuta, hau da, presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea, gaixorik daudenak kaleratzea, lehen gradua «sistematikoki» erabiltzeari uztea eta beste Estatu batean betetako zigorrak aintzat hartzea.

Hori guztia aldarrikatzeko, abenduaren 22an Zaballara martxa egingo dute, Subillanatik abiatuta (11.00). Egun berean, arratsaldean, manifestazioa aterako da Iruñeko autobus geltoki zaharretik (18.30). Abenduaren 30ean, Martuteneko kartzelara martxa antolatu dute eguerdirako, Hernaniko Zinkoeneatik (10.30) eta Egiako epaitegitik (11.00) abiatuta.

Eta Gabon Zahar egunean Basauriko espetzera joango dira, udaletxeko plazatik aterata (12.30).