NAIZ

Berriz min hau... Sareek malko artean esan diote ‘Ikusi arte’ Berri Txarrak taldeari

Berri Txarrak taldeak txio bidez eman zuen atzo geldialdi mugagabearen iragarpena. Txioa baina, bonba baten antzera erori zen zaleen artean eta taldeak 25 urte hauetan utzitako letrak erabili zituzten askok adio esateko.

Euskal rock zaleek malkoak isuri zituzten Berri Txarrak taldeak geldialdi mugagabearen iragarpenarekin. 25 urteko ibilbidearen ostean, eten bat egitea erabaki duela iragarri zuen atzo Berri Txarrak taldeak. Agurtzeko parada izango da baina, izan ere, hurrengo urterako ‘Ikusi arte’ esateko bira luzea egingo du talde nafarrak.

Sare sozialak erabili zituen taldeak «etenaldi mugagabeaz» mintzo egiteko. Txioa baina, bonba baten antzera erori zen zaleen artean.

Mende laurden honetan ateratako bederatzi diskoak, dokumentala eta ehun kantu baino gehiagoko soinu banda izan dituzte gogoan jarraitzaileek. «Belaunaldi oso baten soinu banda zarete» diote sarean batek baino gehiagok eta euren imajinarioan atxikitutako letrak erabili zituzten askok taldeari adio esateko.

Goizeko bederatziak pasatxo ziren Berri Txarrak taldearen Twitter kontuak txioa bota zuenean, ordutik ehunka izan dira bueltan jasotako esker eta agur mezuak. Taldeak utzitako abestiak lerrotara ekartzeko abagunea baliatu zuten askok.