Binakako Txapelketan jokatutako lehen bi partidak galdu egin zituzten arren, Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galartzak egoerari buelta ematea lortu dute bi garaipen segidan eskuratuta. Labriteko partidan sekulako erakustaldia eman dute biek eta, Olaizola II.a eta Albisu aurrez faborito argiak ziren arren, 13-22 irabazi dute.
Hasieratik irten dira oso indartsu Aspeko bi pilotariak. Azkenaldian egin ohi duen bezalaxe, Ezkurdiak sekulako erritmoa ipini dio neurketari, behin eta berriro airez sartuz eta aurkariak etengabe larri ipiniz. Horren erakusgarri partidako aurreneko tantoa, hormabiko bikaina boleaz. Atzera jotako pilota bat, Albisuk gora bidalitako beste bat eta txokoan egindako tanto eder batekin, konturatzerako urdinak 0-4 aurretik ziren.
Aimarrek bere gantxo bizi horietako batekin egin du gorrien lehena, baina panorama ez da batere aldatu eta, goizuetarraren bi huts tarteko, partziala 17ra eta 2-8ra luzatu da, azken tanto hori Ladis Galartzak Albisuri buruz gain pasatako pilotakada batekin.
Asegarcekoen erreakzioak iritsi beharra zeukan lehenago edo beranduago, eta 5-8ra hurbildu dira Albisuk gora egitearekin batera. Ezkurdiak berera jarraitu du, eta hiru tanto ikusgarrirekin –gantxo bat, sake bikain bat eta txokoan utzitako pilota bat– 5-12ra joan dira urdinak. Esan bezala, ordea, Albisuren une onenak izan dira eta Ezkurdiak gehiegi arriskatu behar izan du. Bere hiru hutsekin, emaitza berriz 9-12 estutu da.
Baina orduan berriz ere Ataungo atzelaria izan da hiru huts egin dituena bata bestearen atzetik, urdinei 9-15era ihes egiten utzi eta garaipenerako ia aukera guztiak galduz. Behin zuloa irekita, Ezkurdiak eta Galartzak oso azkar egin dituzte azken tantoak eta ia zuzenean joan dira azkeneko 13-22ra.