Hil honen hasieran estreinatu zuten 'Erraiak' dokumentala. Ekain Martinez de Lizarduy Stürtzek zuzendu eta Arteman komunikazioak ekoitzitako lanak irrintzia du ardatz eta honako galderei erantzutea helburu: «Noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du? Zer eragin du kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barnealdeko bailaren egunerokoan?»
33 minutuko lana da 'Erraiak' eta irriantziaren jatorria, zentzua, Euskal Herriko txoko ezberdinetan hartzen duen izena eta izateko arrazoia aztertzeko saiakera da.
«Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna». Hala diote dokumentalaren aurkezpenean (arteman.eus/erraiak). Sare sozial nagusietan topatuko duzue dokumentalaren berri (Facebook / Flickr / Instagram / Twitter / Vimeo) eta proiekzioaren kontratazioa epostaz (kontratazioa@arteman.eus) edo telefonoz (943 081020 Asier Lekue / Eider García) egin daiteke.
Lehen iritziak
Abenduaren 1ean Aretxabaletan estreinatu zuten lana 200 bat lagunen aurrean. Bideo honetan jaso dute dokumentalaren sustatzaileek estreineko hura eta bertaratu ziren lehen ikusleen iritziak eta sentipenak lana ikusi ondoren:
Dokumentalaren blogerako Gorka Etxabek idatzitako testuan dio lehen sentsazio horiei erreparatuta «ziur» daudela «2019an zeresana eman behar duela dokumentalak». Lanak «erraiak mugitzen ditu, barne-barneak astintzen ditu eta ez du inor epel uzten. Erritmo bizian, irrintzi ugariz jantzia, argazki izugarriaz, 32 minututan dokumentalak irrintzia zer den azaltzen du, emozioak eraginez eta hausnartzera gonbita eginez. Gomendagarria».