NAIZ
SEVILLA

Ondo merezitako puntua eskuratu du Eibarrek Benito Villamarinen

Irabazteko adina lan eta merezimendu egin ditu Eibarrek Betisen aurka Benito Villamarinen jokatu duen neurketan. Amaierako puntua (1-1), beraz, merezimendu osoz lortua izan da. [Neurketaren xehetasunak]

1-2koa egiteko sekulako aukera izan du Kike Garciak. (@SDEibar)
1-2koa egiteko sekulako aukera izan du Kike Garciak. (@SDEibar)

Aho zapore onarekin amaitu du 2018a Eibarrek. Zelai zail bat –Benito Villamarin– bisitatu behar izan du larunbat eguerdi honetan, denboraldi ona osatzen ari den Betisen aurka aritzeko. Aurpegia emanda, eta irabazteko adina merezimendu bilduta, balekotzat eman daiteke 90 minutuen ostean gehitutako puntua (1-1).

Neurketa bizia jokatu dute bi taldeek, nork bere futbola praktikara eramanez. Baloia izan zalea da Betis; Eibar, aldiz, ahalik eta denbora gutxienean aurkariaren atera gerturatu zalea da.

Etxekoek eman dute lehenengo kolpea. 20. minutuan, Sanabriaren golari esker, 1-0 aurreratu da markagailuan Betis. Lehian jarraitzea da, baina, Eibarren birtuteetako bat, eta horixe bera egin dute Mendilibarren mutilen markagailuan atzetik ikusi direnean.

Ez du Eibarrek, ordea, bigarren zatian sortuko zuen adina aukera izan lehenengoan. Bigarren zatian urrats bat egin dute aurrera armaginek, neurketa irabazteko adina merezimendu eginez.

Esaterako, gertu izan du gola Sergi Enrichek 65. minutuan. Area txikiaren ertzean egin du errematea aurrelari armaginak, kasik oposiziorik gabe, baina kanpora joan da haren jaurtiketa.

Penaltiz iritsi da gola, 72. minutuan. Ivan Ramis atzelariari egin diote penaltia Eibarren aldeko korner batean, eta Orellana izan da hamaika metroetatik hutsik egin ez duena.

1-1 markagailuan, berean jarraitu du Eibarrek, Betisen baloi irteera oztopatu eta presioa goian egiten. Hala, arazoak eragin dizkiete armaginek etxekoei, baina ez da nahikoa izan bigarrena egiteko. Gertu izan du gola Kike Garciak, baina Pau Lopezen aurrean bakarrik gerratu ostean kanpora jaurti du aurrelariak.