naiz
Bilbo

EAEko ekonomia 2019an %2,5 hazi eta 14.000 lanpostu sortuko direla aurreikusi du Confebaskek

Confebask Euskal Enpresaburuen Konfederakundearen aurreikuspenen arabera, 2019an EAEko ekonomiak %2,5eko hazkundea izango du eta 14.000 lanpostu berri sortuko ditu. Horrela, langabezia tasa %7,5 izango dela zenbatetsi du, euroguneak duenaren antzekoa.

Confebaskek agerraldia egin du Bilbon 2019ari begira. (@Confebask)
Confebaskek agerraldia egin du Bilbon 2019ari begira. (@Confebask)

Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak eta Eduardo Aretxaga konfederakundeko idazkari nagusiak, besteak beste, agerraldia egin dute Bilbon. Ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea finkatzeko zenbait erronkari aurre egin beharko zaiela adierazi dute, besteak beste, «politika eta erakunde arloetako egonkortasunari, konfiantza sortzeko funtsezkoa delako».

EAEko patronalak berretsi du ekonomiak %2,9ko hazkundearekin eta 18.000 lanpostu berri sortuz bukatuko duela 2018. urtea. Halaber, ekonomiaren «hazkunde txikiagoa baina indartsua» aurreikusi du urte berrirako.

Hain zuzen, enpresaburuen konfederakundearen aurreikuspenen arabera, 2019an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina (BPG) %2,5 haziko da, aurten baino lau hamarren gutxiago, eta Gizarte Segurantzak 14.000 harpidedun berri izango ditu, aurten baino %1,5 gehiago. Bilakaera horrekin, zenbatetsi du langabezia tasa %7,5era jaitsiko dela, baxuena 2008tik eta eurogunean aurreikusitakoaren antzekoa.

Confebasken arabera, 2019ko bukaerarako, EAEk krisi aurreko enplegu maila berreskuratuko du, 976.000 okupaturekin. «Zorionez, krisitik atera garela esan dezakegu», nabarmendu dute.