GARA
DONOSTIA

Belartza 2 merkataritza gunea eraikitzea onartu du Donostiako Udalak

Donostiako Gobernu Batzordeak merkataritza gune handien inguruko bi ebazpen eman ditu aste honetan: Garbera handitzeko lanen obra-baimena esleitu du eta Belartza 2 saltoki handia eraikitzea onartu.

Illunbe, Teresategi-Errekalde, Garbera eta Belartza 2; Donostiako Udalak esku artean dituen makroproiektuak dira, guztiak azalera handiko merkataritza guneak. Azkenengo biek asteazkenean jaso zuten Udalaren bultzada. Garbera handitzeko lanen lau faseetako lehenengoaren obra-baimena onartu zuen gobernu-batzordeak, eta proiektua 2022an amaituko dela aurreikusten du. Gaur egun 36.000 metro karratu ditu guneak, eta 25.000 gehiago batuko ditu proiektua amaitzen denean.

Iragan astean, merkataritza guneak bi solairuko aparkaleku desmuntagarria jarri zuen martxan eta lanak amaitu bitartean erabilgarri egongo da.

Bestalde, Belartza 2 poligonoari argi berdea eman zion Udalak. Saltoki-guneak Anoeta bezalako 24 estadioren adinako azalera izango du eta 200.000 metro karratuko zoru naturalaren gainean eraikiko da.

Ekainaren 14an Gasteizko Legebiltzarrak saltoki handien neurrigabeko zabalkuntzari mugak jartzeko erabakia hartu zuen; hala, Lakuari eskatu zion merkataritza gune handien gaineko plangintza bat aurkezteko, eta, plana onartu bitartean, martxan zeuden handitze-eskaerei edota proiektu berriei luzamendu bat ezartzeko. Donostiako Udalak, ordea, ez du Legebiltzarrak eskatutakoa bete.

«Justifikaezina»

«Udalak, nahita eta azpikeriaz, Gabonetako jaiegunetan onartu du poligonoa aurrera eramateko hitzarmena, azalera handiko saltokien etenaldiaren konpromisoa hautsiz», salatu du Haritzalde naturazaleen elkarteak.

Belartza 2ren gisako saltoki gune handien eraikuntzak garapen urbanistiko «zital, polemiko eta justifikaezina» hauspotzen dutela uste dute, eta Iruñeko La Morearekin nahiz Barakaldoko Megaparkarekin parekatu dute proiektua.