NAIZ

Lau gizon atxilotu dituzte Bilbo, Erandio eta Soraluzen, indarkeria matxistagatik

Ertzaintzak lau gizonezko atxilotu ditu azken egunotan, indarkeria matxista delituak leporatuta. Bi atxiloketa Bilbon izan dira, beste bat Erandion eta azkena Soraluzen. Durangon, adin txikiko mutil batek bere bikotekide ohiari eraso egin zion. 

Lehen atxiloketa astearte eguerdian gertatu zen Bilboko Cocherito kalean. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, gizon batek bikotekide ohia jo omen zuen eta emakumea mehatxatu zuen.

Bertatik pasatzen ari ziren hainbat pertsonek gertatutakoa ikusi eta emakumea lagundu zuten. 18 urteko gizonezkoa Pau Casals kalean atxilotu zuten, indarkeria matxista egotzita. Emakumea ospitale batera eraman zuten, lesioak artatzeko.

Bestalde, astearte arratsaldeko 19.00etan Ertzaintzak salaketa bat jaso zuen Erandiotik. Emandako informazioaren arabera, gertaerak Lutxanako etxebizitza batean hasi ziren, eta inplikatuta zeuden pertsonak bertatik auto batean joan ondoren, patruila batek BI-735 errepidean geldiarazi zituen.

Poliziek emakume bat aurkitu zuten antsietate krisiarekin, eta anbulantzia bat eskatu zuten. Emakumearekin batera gizon bat zegoen, emakumearengandik urruti egoteko agindu judiziala indarrean zuen arren.

Gizonak sakelako telefonoa eta autoko giltzak kendu zizkion emakumeari, eta ustez mehatxu egin zion. Hori guztia kontuan izanda, ertzainek 23 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, indarkeria matxista eta urruntze agindu judiziala urratzea egotzita.

Asteartean bertan, 25 urteko beste gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak Soraluzen, bere bikotekideari laban batekin mehatxu egin eta buruan eta aurpegian kolpatzeagatik. Erasoa geldiarazten saiatu zen beste neska bati ere kolpeak eman zizkion aurpegian. Bi emakumeak ospitalean artatu behar izan zituzten eta atxilotua Eibarko epaitegiaren esku utzi zuten.

Gaur goizaldean, berriz, anbulantzia bat eta Ertzaintzaren patruila bat Bilboko Gordoniz kalera joan dira, gizon batek emakume bat jo duela salatu dutelako. Biktimak lesioak zituen sudurraren eta ezpainen artean, eta ospitale batera eraman dute puntuak emateko.

Lekuko batek ertzainei adierazi die emakumearen bikotekideak edalontzi batekin jo duela aurpegian. Poliziek minutu batzuk geroago atxilotu dute 36 urteko gizonezkoa Iparragirre kalean, indarkeria matxista eta lesioak eragitea egotzita.

Durangon, adin txikiko bat identifikatuta

Durangon ere beste eraso sexista bat izan da. 17 urteko mutil batek bere bikotekide ohia jo zuen atzo goizean, Ezkurdi plazan. Bertatik igaro zen ertzain patruila batek neska topatu zuen, aurpegian kolpea zuela, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten. Bikotekide ohia identifikatu egin zuen Ertzaintzak. Neskak ez zuen salaketarik aurkeztu baina auziak aurrera jarraitzen du, ofizioz.

Durangoko Udalak erasoa gaitzetsi eta Andreak talde feministak Andra Marin bihar 20.00etan egingo duen kontzentrazioan parte hartzeko deia egin du.