Ez dago aldarte onik Kirolbet Baskoniaren baitan, gaur arratsaldean, 18.45etik aurrera, Fenerbahceren kantxan jokatzeko. Azken asteetan Euroligan etxetik kanpora ederto moldatu dira Velimir Perasovicen gizonak, eta Europako txapelketako bigarren itzulia hasten den honetan, bederatzi partida etxean jokatu behar izatea albiste ona zen. Joan den igandera arte.
Igandean Real Madrilen aurka galtzaile izan ziren gasteiztarrak, baina hori baino okerragoa, Tornike Shengelia kapitaina galdu zuten, eskuineko belauneko lotailuetan min hartuta, Facundo Campazzo antolatzaileak georgiarrarekin «nahi gabe» tupust egin ostean. Hurrengo hiruzpalau asteetan fisioterapia saioak jasoko ditu Shengeliak eta ondoren jakingo dute gasteiztarrek zehatz-mehatz zenbat denborarako galduko duten kapitaina. Perasovici jaramon eginez gero –atzo Forondan emandako prentsaurrekoaren arabera–, «gauzak ondo joanez gero, agian hiru hilabete barru itzuliko litzateke taldera».
Shengelia gabe, Jayson Granger gabe –bi kupo–, eta Sedekerskis eta Garino gabe, hamar jokalari ditu Baskoniak doi-doi, Miguel Gonzalez eta Penava gazteak barne; hau da, Perasovicen errotazioa zortzi jokalarira mugatuko da. Malagan ongi atera zitzaion, baina gaur arratsaldeko aurkaria, Euroligako liderra, ondotxoz gogorragoa da, eta horrez gain, hurrengo asteetako partidek taldearen hauspoa asko zigortuko dute, are gehiago fitxaketarik egin ezean. Gaurko partidarako, «taldea osatzearren» bada ere, Patricio Garino hegalekoa eta Artur Kurucs antolatzaile gaztea ere eraman ditu Perasovicek.
Konponbidea, etxe barruan
«Gogorra da hain jokalari garrantzitsurik gabe jokatu behar izatea, baina entrenatzaileak jokatzeko moduan daudenekin ekin behar die neurketei», bota zuen Perasovicek Forondako prentsaurrekoan.
«Shengelia ez dago jokatzeko moduan eta konponbidea talde barruan aurkitu behar dugu», gaineratu zuen entrenatzaileak.
«Zaila izango da zortzi jokalari seniorrekin bakarrik aritzea, baina fitxaketarik ezean, ez dago besterik. Taldeak bere armarik onena bilatu behar ditu orain: pozik nago ditudan jokalariekin eta arrakasta beraiekin bilatzen ahaleginduko gara», amaitu zuen Perasovicek.