@gara_miantzi
OIARTZUN

«Ez ditugu nahi eurek agindu antzean/ gutun forman edota kristalen atzean»

Bertsolariek Oiartzungo Elorsoro kiroldegian hasi ohi dute urtea, «erregeek noiz abdika», ahalik eta ondoen zainduz hitzen errepublika. Etxeratek antolatutako jaialdia mimoz prestatua izaten da. Ohitura bihurtua da jada, eta «hori ez da ona», baina «indartsuago gara elkarri lotzean, Baionan eta Bilbon eta herri bakoitzean».

Bertsolariak, oholtzan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Bertsolariak, oholtzan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Oholtzan puntako bederatzi bertsolari, horietako bat, Amaia Agirre, gai-emaile moduan. Baina fokoak, eurek adina, entzuleak argituz, erdian dagoen jende mordoa. «Hutsak ezker-eskubi, falta direnak gu besarkatzen ari direla dirudi».

Bidaia baten antzekoa izan da saioa. Nekatu gara, istorioak kontatu dizkiogu elkarri furgonetan, bizitza ezberdinak batuz ordu batzuetan, malkoak isuri ditugu, negarrezkoak zein irrizkoak.

Unai Iturriaga, Oihana Iguaran, Jon Martin, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Eneko Lazkozek ederki bete dute lana, eta jendea ukituta eta gustura atera da. Oiartzunek beste behin «gure hitzen oihartzunak» zabaldu ditu, «hainbat alditan esanak eta ez behar hainbat entzunak». Motxiladun umeen gutunak jaso zituzten bertsolariek, eta horiei kantatuz hasi dira, «motxilak soilik bete daitezen koadernoz eta liburuz».

Gero, Mirentxinera igo dira Jon Martin, Maialen Lujanbio eta Eneko Lazkoz. Lehena gidaria da, bigarrena alaba preso duen emakumea eta hirugarrena aita beti kartzelan ezagutu duen gaztea. Euren arteko elkarrizketak aditu ditugu. Gidariari jada ez zaizkio sentimenduak kabitzen. Maialen hitzordua baino ordubete lehenago jada prest zegoen hiru kafe hartuta, eta gaitzerdi aurreko bost orduak lo pasa balitu. Eneko lagunekin parrandan atera gabe gelditu da.

Bertsoa magia egiteko gai da, eta Oihana Iguaran preso dagoen ama eta Nerea Ibarzabal 8 urteko bere alaba, 3 urte bete arte amarekin espetxean bizi izan zena, mahai banatan elkarri gutuna idazten ari direla, batak bestearen hitzak momentuan jasotzea posible egin du. «Kaixo amatxo, zer moduz zaude?/ hemen da zure alaba/ Olentzero ta Mari Domingik gutuna jasota jada/ baina arbola azpia hutsik ta pentsatzen nabil hara/ edo ez dituzte ondo jasoten edo garestiegia da», hasi da markinarra. «Ni oso ondo gordetzen naute asko balio dedanez/ lehen elkarrekin ospatzen gendun besarkada bat emanez/ orain gutun bat bidaltzen dizut marraztuz eta esanez/ nere ondoan nahi zaitudala baina hemen barruan ez», jarraitu dio amak.

Umorezko ariketa pila bat ere izan dituzte askatzeko. Andoni Egañari gai xelebrea jarri dio Amaia Agirrek, eta zarauztarrak primeran salbatu du. Benetako albiste bat irakurri dio: ‘Aragoiko gazte batek, harakinen seme batek, beganoenganako elkartasun moduan, odolkiak giza odolarekin egiten ditu’. Hona hirugarren bertsoa: «Odol urdinakin egin odolki goxo beltz-beltzak/ orduan bai bete leizke hemen askoren ametsak/ igual ideiak ez ziren horren raro ta traketsak/ nere burua ezin jo harakinaren semetzat/ gure aita arotza zen jubilatu arte behintzat/ esaldi baten laburtuz absurdo gorenen ertzak/ armairuak egingo ditut atera nahi dutenentzat».