NAIZ
EIBAR

Jokoa jarri du Eibarrek, baina golak falta izan zaizkio (0-0)

Joko askorekin baina golik gabe. Hala amaitu da Eibar eta Vilarrealek Ipuruan jokatu duten neurketa, non atezainak izan diren soropileko jokalaririk hoberenak. [Neurketaren xehetasunak]

Cucurella, aurkari batekin baloi baten lehian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Cucurella, aurkari batekin baloi baten lehian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Bost partidu daramatza Eibarrek Ligan hiru puntuak eskuratu gabe, Real Madrilen aurka Ipuruan 3-0 irabazi zutenetik. Gainera, azken lau partidak berdindu egin dituzte armaginek, puntu bana gehituz.

Hutsean amaitu da igande eguerdi honetan Vilarrealen aurka jokatu duen neurketa. Markagailuak adierazi dezakeenaren aurka, baina, gol aukeraz lepoko neurketa izan da eta bi atezainak izan dira soropileko jokalarien artean hoberenak.

Bizi hasi du neurketa Eibarrek. Zazpigarren minuturako sortu dute etxekoek lehen gol aukera. Orellana izan da protagonista, baina ongi geratu du honen jaurtiketa Asenjok. 18. minututik 20ra bitartean hiru gol aukera izan ditu Eibarrek; gora alde egin dira Sergi Enrichen bi burukada eta kanpora errematatu du Jordanek Cucurellaren erdiraketa.

Erasoan amaitu du lehen zatia Eibarrek. Ruben Peña eta Jordanek sortu dituzte gol aukera berriak, baina hutsean iritsi da markagailua atsedenaldira. Aldageletatik itzultzean, baina, berdin jarraitu du neurketak.

51.ean, esaterako, Charles izan da ahalegina egin duena, baina bere jaurtiketa Asenjok geratu du. Vilarrealek ere izan ditu bere aukerak neurketa irabazteko, Gerard Morenok 52.ean izan duena horietako bat. Asier Riesgoren aurrean bakarrik, Debako atezainak irabazi dio buruz-burukoa aurrelari bisitariari.

Joan-etorri konstante bat izan da neurketa. 58an Ramis izan da gola gertu izan duena, baina bere burukada gutxigatik joan da kanpora. 64an, berriz, Cazorla izan da jokaldia egiten ahalegindu dena. Riesgo atezaina lurrean uzten ahalegindu da area barruan zela, baina oraingo honetan ere Debako atezaina suertatu da garaile.

Pixkanaka, neurketaren erritmoa jaisten joan da. Neurketako azken gol aukera, 89.ean, Eibarrek izan du. Escalantek egin du jaurtiketa eta atepetik atera behar izan du atzelari bisitari batek barrura zihoan baloia. Cucurellak hartu du ondoren aldaratzea, baina gora alde egin dio jaurtiketak.

Golik ez eta bost neurketa jarraian irabazi gabe. Jokoari begiratuta, baina, pozik egiteko moduan dira jokalari armaginak.