Espainiar Gobernuak transferentzien egutegia bidali dio gaur Lakuari, eta EH Bilduk adierazi duenez, «susmo guztiak berretsi ditu». Zentzu horretan, Madrilek espetxeen transferentzia lehentasunezkotzat hartu ez izana azpimarratu dute eta Gizarte Segurantzari dagokiona egutegitik kanpo uzteak ideia hau indartu du.
Urizarrek adierazi duenez, «argi dago PPk ez ezik, PSOEk ere ez duela inolako asmorik Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta Gizarte Segurantzaren eskumena transferitzeko, nahiz eta PSEk Urkullurekin sinatu zuen gobernu akordioan hori lehentasunezkoa zela esaten zuen. Genekiena baieztatu dute: EAJ-PSE akordioaren balioa hutsaren hurrengoa da».
Legebiltzarkideak adierazi duenez, «aferaren oinarrian Euskal Herria eta Espainiaren arteko harreman eredua, menpekotasunean oinarritzen dena, agertzen da, betiko moduan. Madrilen erabakitzen dute Estatutua, lege organiko bat, bete ala ez, eta gaur, azken 40 urteotan bezala, argi utzi dute berriro ez dutela bete nahi».
Zentzu horretan, transferentzien kudeaketa «onartezina» dela azpimarratu du. «Hemen galtzen ateratzen garenok Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar guztiok garelako, gure ongizatea hobetzea ekarriko luketen tresnak ukatzen zaizkigulako». Honen aurrean, «irtenbide bakarra» dagoela gehitu du. «Estatus Politiko Berriaren oinarrietan jaso genuena, hain justu: Estatus Berria behar dugu, berdinen arteko harremana, gure eskumen eta eskubide guztiak blindatu ahal izateko. Hori da modu bakarra euskal gizartearen ongizatea hobetzeko bidea gutxieneko bermeekin egiteko».