Iazkoaren aldean, negu gorria izaten ari da aurtengoa Julen Martijarentzat. Iaz garai honetan dena zen lore, garaipen eta laudorio, baina bigarren urtea lehenengoa baino askoz zailagoa ari zaio suertatzen Etxeberrikoari, nahiz eta aldamenean bikote bera izan. Albisu bikain baten aurka, gaindituta egon zen zeharo pasa den igandean Bilbon eta igandeko Tolosako partidak ez du askoz itxura hoberik beretzat, Irribarria-Zabaleta jotzaile izugarriak bere bila joango direlako, baina atzelari gazteak nahiago du aurrera begiratu eta eguraldi txarrari aurpegi ona jarri, gerta dakiokeenaren beldur egotea baino.
Martijak onartu zuen, «erraz galtzen duzunean kosta» egiten dela «buelta ematea, baina nik uste biok eman genuela dena, biok saiatu ginen, eta 22-9 galdu genuen, baina partida luzea izan zen eta geratu behar dugu gure lana egin genuenaren sentsazioarekin».
Argi dauka nafarrak «Zabaleta, Rezusta eta Albisu oso ondo daudela eta hauek jotzen diotenean besteoi hor atzean egotea tokatzen zaigula», baina partida guztiak desberdinak direla dioen esaera horrekin geratzen da, nahiz eta igandean «sufritzea» tokatuko zaiola jakin.
Buruaren garrantzia
Gainera, Beotibarrekoa hil ala biziko partida izango da bi pilotari gazteentzat. «Presioa pixka bat, bai, nabaritzen da, baina lasai irteten saiatu behar dugu, badakigu-eta oso bikote indartsua izango dugula aurrean. Nik, beste behin, atzetik eusten saiatu beharko dut eta ea Irribarriari errematerako pilotak kentzen dizkiodan eta Jokinek aurrean asmatzen duen».
Itxaropenik, ordea, ez du galdu. «Nik uste, gure jokoa eginez gero, biok ondo bagaude, edozeini irabazi ahal diogula, baina horretarako ondo hasi behar dugu, garrantzitsua izango da».
Izan ere, buruak lan handia egiten duela uste du Etxeberriko atzelariak. «Jokoz eta, nik uste, ongi daudela, baina burua batzuetan ez dago ongi. Saiatzen zara eta erantzunik ez dagoenean... Iaz partida gutxi galdu genituen eta konfiantza askorekin geunden, aurten falta zaigun konfiantza hori», azaldu zuen.
Emaitza gabezia horri egozten dio iazko eta aurtengo txapelketen artean dagoen aldea hein handi batean, nahiz eta ematen zuen aurten bikote hobea osatu behar zuela Altunarekin. «Iaz lehen urtea nuen eta berehala sailkatu ginen finalerdietarako, ematen zuen dena erraza zela, baina finalerdietan argi ikusi genuen denek asko jokatzen dutela», aitortu zuen Martijak.
Bere inguruan galdetuta, Martijak dio entrenatzen oso ondo sentitzen dela, baina gero sentsazio horiek partidetara eramatea falta duela. «Egia da jardunaldi batzuetan baxuago egon naizela. Aurreko asteko partidan ongi sentitu nintzen, baina aurkariek hainbeste jokatu zuten... jokatzeko gogoz nago».
Tolosak ez du Promoziokoan jokatuko
Eskuin eskumuturrean izandako ebakuntza osatzea uste baino gehiago kostatzen ari zaio Xabier Tolosari –irailean pasa zen kirofanotik– eta hasiera batean hiru jardunaldi bete dituen Promozioko txapelketan jokatzekoa zen arren, Aspek atzo jakinarazi zuen ofizialki ez duela bertan aritzeko modurik izango eta Jon Jaunarenak beteko duela haren tokia txapelketa amaitu bitartean.
Anoetakoa ez da arazoekin dabilen bakarra eta Eibarko enpresak jakinarazi duenez, eskuko minarekin den Ugalderen lekua Mendizabal III.ak beteko du aste honetan eta Pedro Ruizen ordez ere Untoria arituko da berriz.
Lehen mailakoan, Mikel Urrutikoetxeak ere ez du bere ezker eskua behar bezala osatu eta uko egin dio asteburu honetan Markina-Xemeinen jokatu beharreko partida jokatzeari. Espero zen bezala, bere lekua Unai Lasok hartuko du Artola-Mariezkurrenaren aurka duten partida garrantzitsurako.J.O.