@gara_miantzi
Donostia

Adostasunaren aldeko manifestazioa eta manifestua aurkeztu ditu GuraSOSek

Deialdi zabala egin dute GuraSOS eta Hitzartuk datorren otsailaren 23rako (17.00etan, Antiguako tunelean), adostasunaren aldeko mobilizazio handi bat osatzeko denen artean. Gipuzkoako Foru Aldundiari zein politikari guztiei eskatu nahi diete jendartea eta herritarrak errespetatzeko eta eragiten dioten gaietan parte hartze aktiboa posible egiteko, «benetako informazioarekin». Manifestu bat ere aurkeztu dute, ‘Adostasunari bai’ errateko hau ere.

Paseo Berrian egin du agerraldia GuraSOS elkarteak. (Jon URBE/FOKU)
Paseo Berrian egin du agerraldia GuraSOS elkarteak. (Jon URBE/FOKU)

Donostiako Paseo Berrian, Oteizaren eskulturan, elkartu dira larunbat eguerdi honetan dozenaka lagun, GuraSOS eta Hitzartu ordezkatuz, aurkezpen bikoitza egiteko: manifestazio bat eta manifestu bat. Lehenbizikoarekin hasita, otsailaren 23rako deitu dute eta jende guztia animatu dute parte hartzera, pentsaeraren gainetik «jokoan dagoena demokrazia eta gizarte eredua» delako. Jendartea gero eta helduagoa ikusten dute, beraz, gero eta kezkatuagoa osasunagatik, berdintasunagatik eta hainbat gairengatik, eta «elkarrizketaren bidez akordioak lortzeko» prest.

Joxe Mari Izeta GuraSOSeko kideak zuzenean galdetu die agintariei: «Zer nahiago duzue, elkarrekin lan egin edo epaitegietan ibili? Urte askotako gatazka luzatu edo akordioak lortu?». Antolatzen ari diren manifestazioaren xedea «demokrazia osatuagoa eta osasuntsuagoa lortzea» da, kontuan hartuta Gipuzkoako jendarteak «osasuna, elkarrizketa eta akordioak lehenesten dituela. «Denok mugitu behar dugu; denentzat da erronka. Zuk ere pauso bat eman dezakezu», erran dio jendeari. Aurpegi ezagunak ere izan dira deialdia egiten, tartean Joseba Apaolaza aktorea eta Imanol Agirretxe futbolaria.

Manifestuari dagokionez, gaur bertan aurkeztu diete eragileei. Hiru puntu ditu: bat egiten du Hitzarturen Berme Batzordeak Gipuzkoako Foru Aldundiari egiten dion eskariarekin: Hitzarturen ordezkariekin elkartzea; GuraSOSen eskaera ere babesten du: erraustegian oinarritzen den Hiri Hondakinen Kudeaketa Planaren eztabaida eta onarpena gelditzea aipatutako elkarrizketa eta adostasun prozesua errazteko; eta, azkenik, otsailaren 23an kalera ateratzeko deia egiten dio jendarte osoari, «osasunari eta demokraziari bai» aldarrikatzeko.