NAIZ+

Apustu etxeetan bizitza dagoela jokoan salatu du Ernaik

Joko aretoak «XXI. mendeko droga» direla ulertuta, haien aurka egin du Ernaik Gasteizen ‘Bizitza Jokoan’ kanpainarekin.

ernai
ernai

Arabako hiriburuko zenbait joko-aretotan kartelak eta esku-orriak agertu dira azken egunotan eta atzo Ernai Gazte Antolakundeak bere gain hartu ditu ekimen hauek. «XXI. mendeko droga» gisa definitu ditu apustu etxeak eta haien aurka jo du ‘Bizitza Jokoan’ kanpainarekin. Gazte Antolakundeak agiri batean azaldu bezala, ‘Euskal Herrian Bizi’ dinamikaren baitan kokatzen da kanpaina.

Gasteizen gaur egun dauden 35 joko-aretoak izan dituzte hizpide agirian eta apustu-etxeen gorakada ez deritzote kasualitatea denik. Atzokoan Arabako hiriburuko Errota auzoko Bingoaren eta joko-aretoaren aurka egin zuten, bertan xiringak eta esku-orriak jaurtiz.

Egungo datuei ere erreparatu die Ernaik eta hiru gaztetatik batek apustu egiten duela ebatzi dute. Salatu dutenez, apusturako tresna berriak asmatu dituzte gazteriarengan eragiteko.«Gazteon prekaritatea baliatuz, inoiz iritsiko ez den etorkizun oparo bat saltzen digute miseria hutsera kondenatuz. Azken apustu-etxeen kokalekua ere bide beretik doa; izan ere, auzo langileak jokoarekiko menpekotasunean murgiltzera behartu nahi gaituzte prekarietatetik ateratzeko esperantza salduz», salatzen dute oharrean.

Apustu etxeen publizitatearen inguruan ere mintzatu da Ernai eta lehen mailako gizonezkoen euskal kirol talde gehienek (diru sarrera gehien eragiten dituztenak) apustu-etxeren baten publizitatea daramatela gogor kritikatu du.

Ekimenaren bideoa ere zabaldu dute sarean, eta prekarietateari ateak isteko deia eginez, datorren otsailaren 16an Bilbon egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzera animatu du gazteria.