naiz
Donostia

Euskaraz bizitzeko eskubidea defendatuko dute Ernaik eta EHEk Antiguako ertzain-etxe aurrean

2018ko maiatzean Donosotian egin zen Bizitza da Handiena ekimenean Ertzaintzari euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik identifikatutako donostiarrak isuna jaso duela salatzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzea elkarretaratzea deitu dute Ernaik eta Euskal Herrian Euskarazek ostiralean, 19:00etan, Antigua auzoko ertzain-etxearen aurrean.

Agerraldia egin dute Donostian isuna jaso zuen Eneka Alvarezek, Ernaik eta EHEk.
Agerraldia egin dute Donostian isuna jaso zuen Eneka Alvarezek, Ernaik eta EHEk.

Iazko maiatzean Bizitza Da Handiena ekimenaren baitan Ertzaintzak gazte donostiar bat identifikatu zuen. Gazteak euskaraz mintzatzeko eskatu zien ertzainei orduan, eta agenteek identifikatzeko eskatu zioten, gazteleraz. Orain, isuna jaso du.

Isuna jaso zuen Eneka Alvarezek orduan gertatutakoa azaldu du: «Bizitza da Handiena ekimenaren protesta bat egiten ari ginela ertzain baten aldetik euskararekiko gutxiespen eta mespretxuzko hitzak entzun nituen. Orduan zera adierazi nion: gauza bera errespetuz eta gutxietsi gabe ere esan zezakeela. Horren aurrean identifikazioa eskatu zidan eta nik arrazoia galdetu nion. Ez zidan erantzun eta berriz ere identifikatzeko eskatu zidan. Nik identifikatzeko inolako arazorik ez nuela adierazi nion, baina mesedez, euskaraz eskatzeko. Horren aurrean, beste agente bat etorri zen eta bertan edota komisaldegian egin beharko nuela jakinarazi zidan. Nire hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari zirela ikusita, ahotsa altxa eta ia inork euskeraz ba ote zekien galdetu behar izan nuen ozen. Horren ostean, euskaraz galdegin zidan ertzain batek eta berehala eman nion dokumentazioa inolako arazorik gabe».

Horren ostean Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuen eta kexa bideratu zuten eta .nahiz eta Donostiako ertzain etxeko burutzak onartu zuen «ez zela errespetatu agente jarduleekin harremanak euskaraz izateko eskubideak», orain isuna iritsi da. «Mozal legea aplikatu didate. Horrez gain, ajolagabekeria osoz, berriz ere nire eskubideak urratuak izan dira, izan ere, isuna gaztelania hutsez idatzita bidali baitidate. Haien lana ez niela egiten utzi diote, ez niela arduradunak identifikatzen utzi».

Leporatzen zaiona ez dela «zuzena» defendatu du Alvarezek. «Hau ikusita, lehenik eta behin, isuna ez ordaintzea erabaki dut, nire eskubideak urratuak izateaz gain, orain zigor bikoitza jaso dudala iruditzen zaidalako. Horrekin batera, errekurtsoa jarriko dugu eta zer gertatzen den gertutik jarraituko dugu».

Honen aurrean, Ernai gazte antolakundeak «euskaldunon eskubideak urratuak izan direla» salatu du. «Instituzioetatik bideratzen diren hizkuntz-politika antzuen ondorioz, gaur gaurkoz ezinezkoa da Euskal Herrian Euskaraz bizitzea».

Halako egoerak «ez direla isolatuak» azpimarratu du Ernaik. «Guk argi dugu, euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz biziko gara. Burujabetzaren aldeko apustu honetan, Euskal Herria euskaldunerako bidean gazteok hemen izango gara eta euskaraz izango gara. Gazteok Euskararen Herria eraikitzen jarraituko dugu».

Euskal Herrian Euskarazek gertaera hauek «oso larriak» direla nabarmendu du. «Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak», gaineratu dute. Ernairekin bat egin dute, halako egoerak «ez direla salbuespena» adierazterakoan.

Horren aurrean Lakuari eta Ertzaintzari «egindako kaltea onartu, barkamen zintzoak eskatu, eta, isuna kentzea» exijitu diote. «Onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu».  Herritarrei, aldiz, «beraien hizkuntza-eskubideei tinko eutsi diezaioten» eskatu diete. «Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio osoa, eta beraz, euskaraz bizitzera iritsi ahal izatea. Eta urraketarik jasanez gero salatu dezatela dei egiten diegu».

Bai Ernaik, bai EHEk haien elkartasuna adierazi nahi izan diote ‘Argia’ hedabideko Lander Arbelaitz kazetariari ere, gertaera grabatu eta zabaltzeagatik salatua izan dena.

Gertatutakoa salatu eta aipatu eskaerak aldarrikatzeko, datorren ostiralean, otsailak 8, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Ertzaintzak Antigua auzoan duen ertzain-etxearen aurrean.