NAIZ
IRUÑEA

Nafarroako hainbat herritan alkategai izango direnen izenak jakinarazi ditu EH Bilduk

Heldu den maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeei begira hainbat herritan koalizio abertzalearen hautagai izango direnen izenak jakinarazi ditu EH Bilduk.  

Datozen udal hauteskundeetarako alkategaiak aukeratzeko prozesuaren bigarren fasea egin zuen EH Bilduk joan den asteburuan. Koalizioaren Hauteskunde Batzordeak baieztatu du hainbat herritan hautagai bakarra aurkeztu dela eta, hortaz, bertan alkategai izango direnen izenak jakinarazi dituzte. 

EH Bilduk adierazi du Agoitz, Goizueta, Lekunberri, Imotz eta Ezkabarten izango direla aldaketarik nabarmenenak, bertan hautagai izango direnak lehen aldiz aurkeztuko baitira. 

Koalizioak gaineratu duenez, «EH Bilduko alkategai guztiek konpromiso irmoa dute datorren legegintzaldian aldaketan sakontzen jarraitzeko; herritarrekin batera neurri sozialagoak abian jarriz, politika jasangarriagoak bultzatuz eta bizikidetza erdigunean jarriz, alegia». 

Hauexek dira, zehazki, EH Bilduk baieztatu dituen alkategaiak: Oihan Mendo, Garesen; Angel Unzue, Agoitzen; Andres Etxenike, Bertizaranan; Amets Inda, Sunbillan; Joxe Manuel Zubillaga, Araitzen; Unai Miranda, Goizuetan; Arkaitz Goikoetxea, Lekunberrin; Alfredo Alzueta, Imotzen; David Oroz, Urdiainen; Patxi Xabier Razkin, Lakuntzan; Karmiñe Gil, Ezkabarten; Rafa Miranda, Faltzesen; eta Idoia Aritzala, Etxaurin.