Mugimendu feministak Martxoaren 8rako deitutako greba feministarekin bat egiten duela iragarri du EH Bilduk. Gaur goizean, Gasteizen, egindako agerraldian Oihana Etxebarrieta eta Monika Plazaolak «mundu mailako oldarraldi atzerakoiaren aurrean eta espainiar Estatuan bizi den inboluzioaren aurrean», kaleko mobilizazioari «eusteak» duen balioa nabarmendu dute.
«Kalean egongo gara milaka emakumerekin batera, beren egunerokoan eragina daukaten politika ekonomiko, sozial eta kulturaletan aldaketa sakonak aldarrikatzeko», gaineratu dute.
Etxebarrietak eta Plazaolak azpimarratu dutenez, «marko politiko eta instituzional propioa izanda bakarrik» bermatuko dira eskubide sozial, ekonomiko eta politiko horien gauzatzea. «Argi daukagu erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa dela feminismoarentzat eta Euskal Herriko emakumeentzat: horrela bakarrik, marko demokratiko batean bakarrik, erabaki ahal izango dute beren bizitzaren gainean. Horregatik dago gure aldarrikapenen erdian, egin nahi ditugun politika feministak egin ahal izateko ezinbestekoa delako».
Aldi berean, «Euskal Herrira begiratzen dioten ezkerreko politika feministak» proposatzen ari dela EH Bildu nabarmendu dute. «EAEko autogobernu ponentzian feminismoa irizpide transbertsala izateko apustu sendoa egin dugu, erabakitzeko eskubidearen oinarriak feminismotik artikulatuta. Nafarroan, bestalde, aurrerapauso errealak egiten ari dira, emakumeen oinarrizko eskubideak bermatuak izateko. Eta horrela egiten jarraituko dugu, eskura ditugun eskumenak erabilita, emakumeei eragiten dieten politiketan eraginez eta, batez ere, desberdintasun handienekin amaitzeko, politika fiskaletan eta enpleguan arreta berezia jarriz».