NAIZ
BILBO

Kritikak EAJ, PSE eta PPri, pobreziaz eta bazterketa sozialaz eztabaidatzeari uko egiteagatik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak protesta egin du Bilbon, Parlamentuan pobrezia eta bazterketa sozialari buruzko Herri Ekimen Legegilea eztabaidatzeari uko egin zioten EAJ, PSE eta PPren jarrera «autoritarioa» salatzeko. 

Sabin Etxean amaitu da mobilizazioa. (ELA.eus)
Sabin Etxean amaitu da mobilizazioa. (ELA.eus)

EAJ, PP eta PSEren egoitzak batu dituen giza katea osatuta, hiru alderdiek pobreziaz eta bazterketa sozialaz eztabaidatu nahi ez dutela salatu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bat egiten duten eragileek. 

Amaierako ekitaldian, Mikel Novalek, ELAren arlo sozialeko arduradunak, gogoratu du Gasteizko Parlamentuan aurkeztu zuten Herri Ekimena Legegilearen helburua prestazio sozialen sistema nabarmen hobetzea zela.

Aldiz, EAJak eta PSEek apirilean aurkeztu zuten lege proposamenak laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak gogortu eta zorrozteko apustua egin duela gaineratu du.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ere hartu du hitza eta aipatu hiru alderdien «jarrera guztiz autoritarioa» gaitzetsi du, «legez baliatu ditzaketen amarru guztiak baliatu baitituzte pobreziaren eta bazterketa sozialaren eztabaida saihesteko». 

Ekimena baztertuta «behar gehien duen jendearen aurka» egitea leporatu diete, hiru alderdiek  ezu dutelako «egungo babes sozialerako sistema hobetu nahi». 

Ildo horretan, Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek azpimarratu dute aurrerantzean mobilizatzen jarraituko dutela «pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan».